2011eko Euskadi Literatura Saria

Euskarazko haur eta gazte literatura

Errepidea - Portada

Irabazlea: Miren Agur Meabe Plaza
Izenburua: Errepidea
Argitaletxea: Erein

18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Epaimahaia:
Patxi Zubizarreta Dorronsoro, epaimahaiburua.
Imanol Mercero Etxeberria, epaimahaikidea.
Koldo Biguri Otxoa de Eribe, epaimahaikidea.
Idoia Jauregi Pikabea, epaimahaikidea.
Oroitz Jauregi Nazabal, vocal
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkaria (botorik gabea).


Epaimahaiak ikusitako merituak

Ausardiaz idatzitako ipuin honen protagonistak autokarabana batean bizi diren ama-alabak dira, 'kaixo' esan orduko 'agur' esatera behartuta daudenak, hegaztiek bezala bizitza askea dutenak, asegarria mila aldiz intentsitate handiagoz, baina baita gogorragoa ere, naturaren zein patuaren gorabeherek gordinago eragiten dietelako. Road-movie baten antzera egituratua, idazkera poetikoaren eta gordinaren arteko oreka erakargarrian, betiere sujerentzia indartuz eta pertsonaiei itxaropena kendu gabe, 12 urtetik aurrerako irakurleentzako idazlan paregabe hau nabarmendu nahi dugu.


Saritutakoari buruzko hainbat datu

Miren Agur Meabe Plaza

Miren Agur Meabe Plaza (1962).

Lekeitio (Bizkaia, 1962). Magisteritza eta Euskal Filologia ikasi, eta irakaskuntzan eta testuliburugintzan aritu zen hainbat urtetan. Helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa, bai poesia.

Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuengatik, eta Euskadi saria bi aldiz Itsaslabarreko etxea eta Urtebete itsasargian gazte-nobelei esker.

Bestalde, Mila magnolia-lore albuma IBBYren Ohorezko Zerrendan ageri da.

Han-hemengo literatura-topeketetan parte hartu du, hala nola Dublin Festival Writers-Vjlenica eta Edinburgoko Liburu Jaialdietan, edo Frankfurteko Liburu Azokan, besteak beste.


Errepidea

Karabana batean bizi bazara, ohituta zaude toki batetik bestera ibiltzen. Ama bere buruarekin berbetan hasten denean, badakit laster hanka egingo dugula.

Ohituta nago ia aldi berean “kaixo” eta “agur” esaten. Horregatik saiatzen naiz inorekin lotura esturik ez sortzen. Paso

Txoriak bezalakoak gara gu: beti hegan, segadetatik ihesi ezerk edo inork harrapa ez gaitzan.

Errepideak tira egiten digu.


Zatia

Karabana batean bizi bazara, ohituta zaude toki batetik bestera ibiltzen. Nonbait denboraldi bat egindakoan, ospa beste norabait. Ama bere buruarekin etengabe berbetan hasten denean, badakit laster hanka egingo dugula.

—Zlata, Zlata! Zergatik zara hain inuzentea? Kaka ustela! —esaten du marmarka, azazkalak hozkatuz, odola egin arte.

Azazkal luzeak ditu amak, gorri ilunez pintatuak, ezpainak bezala. Harro dago bere eskuez, polit eta leun irauten baitiote sarritan lixiba eta espartzu artean erabili arren. Nik, kontrara, esku latz samarrk dauzkat. Ez da erraza muskuiluak haitzetatik soltatzea, nahiz eta labana erabili.

Amak azazkalak zoroaren pare jatea, horixe izaten da seinalea.

—Rigel, zuk eta biok ez dugu inor behar, basatiak gara... ehiztariak, bizitzarenak.

Gehienetan ez zait axola izaten alde egitea. Ohituta nago ia aldi berean “kaixo” eta “agur” esaten. Horregatik saiatzen naiz inorekin lotura esturik ez sortzen. Paso.

Txoriak bezalakoak gara gu: beti hegan, segadetatik ihesi ezerk edo inork harrapa ez gaitzan. Errepideak tira egiten digu.


Euskarazko haur eta gazte literaturari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak

  • "Tarzan eta Pantera Emakumea".Felipe Juaristi. Argitaletxea: Aizkorri Argitaletxea
  • "Ebelina Mandarina". Castillo Suárez. Argitaletxea: Erein