2011eko Euskadi Literatura Saria

Euskarazko literatura

Fikzioaren izterrak - Portada

Irabazlea: Ur Apalategi Idirin
Izenburua: Fikzioaren izterrak
Argitaletxea: Susa

18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Epaimahaia:
Fermin Etxegoien Uribeetxeberria, epaimahaiburua.
Lourdes Otaegi Imaz, epaimahaikidea.
David Tijero Osorio, epaimahaikidea.
Eukene Martin Sanpedro, epaimahaikidea.
Joseba Aurkenerena Barandiaran, epaimahaikidea.
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkaria (botorik gabea).


Epaimahaiak ikusitako merituak

Besteren artean, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu lan hau saritzeko:

Zazpi ipuinez osaturiko bilduma honetan, maisutasunez erakusten dituelako giza harremanen argi-ilunak -botere nahiak, arrakastaren obsesioa, amodio kontu gatazkatsuak, hizkuntz konplexuak- euskal literaturaren munduan, baita gure identitatearen iraupenerako funtsezko diren beste zenbait arlotan ere.

Idazmolde errealista darabil gehienbat, etengabe haratago jotzen badu ere. Bereziki azpimagarria, liburuan agertzen den erregistro ugaritasuna: satira eta parodia, ironia zorrotza, humore gordina, kritika soziala, samurtasuna eta dramatismoa.

Irakurleari erakargarri gertatuko zaio, oso, bai fikzioaren ausardiagatik, eta bai erabiltzen duen hizkuntza literarioaren gaurkotasunagatik.


Saritutakoari buruzko hainbat datu

Ur Apalategi Idirin

Ur Apalategi Idirin (1972).

Ur Apalategi Parisen jaio zen 1972an eta Donibane Lohitzunen bizi da.

Paueko unibertsitatean irakasle titularra da Euskal Ikasketen sailean 1998az geroztik eta alor akademikoan hainbat lan argitaratu ditu, horien artean garrantzitsuena La Naissance de l'écrivain basque (Paris, L'Harmattan, 2000).

"Kritika literarioa" izeneko sailaren sortzaile eta zuzendaria da Utriusque Vasconiae argitaletxean.

Hainbat hedabidetan aritu da zutabegintzan (Gara, Argia, Euskaldunon Egunkaria, Berria...).

Idazle gisa, Gauak eta hiriak (Elkar, Erein) eleberriarekin eman zen ezagutzera (Beterriko liburua 1997an), nahiz aurretik bazuen olerki liburu bat Unai Goieaskoetxearekin batera argitaratua (Erdi Guneak, Maiatz, 1995).

2004ean Gure gauzak S.A. (Utriusque Vasconiae) eleberria plazaratu zuen, euskal industria kulturalean giroturiko thriller eztabaidatua.

Fikzioaren izterrak (2010) bere lehen ipuin liburua da eta Euskadi literatur sari honez gain Beterriko liburua saria ere jaso du.


Fikzioaren izterrak

Zazpi ipuin hauek fikziozkoak izan arren, errealitate hurbilaren ispilu dirdiratsuak dira; sarritan irudi olgetari eta trufatzaileak islatzen dituztela irudituko zaizu, baina gertakariak eta gertagarriak gertu daudela erakusten dute beti.

Bikotea batetik, idazletza bestetik, horra kontakizunotan obsesiboki txirikordatzen diren hari nagusiak. Maitasun konpartitua, naziotasun zoriontsua eta arrakasta literarioa benetakoak al dira?, edo geure buruak zigortzeko sortzen ditugun kimera eskuraezinak? Serioski irri egiteko narrazioak dira, baita frustraturik gozatzekoak ere, edo haserrez baketzekoak… hori posible baldin bada.


Zatia

Baina Nekanez ari nintzen. Esan dudanez, “Idurre ez du nahi Coca-Colarik?” esaten entzun nuenean hasi zen dena, Alaitzen bosgarren urtebetetze askarian. Ohituta nengoen, ordurako, bere distortsio linguistiko txikietara. Beti eragin izan zidaten hazkura belarrian, Nekanez maitemindu nintzen garaian ere. “Zurekin bizitu nahi dut”. Hori da bere ahotan gogoratzen dudan lehen hutsa. Kosta egin zitzaidan ez zuzentzea entzun bezain pronto, baina gogoari eutsi nion nola edo hala. Uste dut, halere, egun batzuk geroago zehaztu egin niola, modu ahal bezain gozo eta irribarretsuenean, “bizi nahi dut” esaten dela, eta ez “bizitu”.

Biok bakarrik bizi ginen bitartean ez zen, alabaina, arazo larriegia izan niretzat. Nekane emakume perfektua zen: erakargarria, argia, arduratsua, jendekoia... Agian ohe kontuetan zenbait muga zituen. Baina, ia hobe, ezta? Gizonari ez zaio gustatzen pentsatzea aurrekoekin esperientzia izugarriak bizi izan dituela bere emazteak. Ez dut esan nahi, halere, desastre bat zenik. Ez, ez. Bakarrik konformista samarra, nire gusturako. Dena den, etortzeko zeuden gure balizko haurrak gogoan nituela, ezin nuen aukera hoberik egin. Gainera, bere diskurtsoan feminista izan arren, bazuen errealitatearen intuizioa eta, onar bekit politikoki inkorrektoa den beste ohartxo hau, etxearen kudeaketa bikaina egiten zekien, gizonok inoiz jakingo ez dugun moduan, asko laguntzeko prest egon arren. Eta hau ez da xehetasun ezdeus bat, familia baten zorionaren baldintza ezinbestekoa baino. Berriro diot: ia perfektua zen.


Euskarazko literaturari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak

  • "Bitsa eskuetan". Miren Agur Meabe. Argitaletxea: Susa
  • "3 Mariak". Arantxa Urretabizkaia. Argitaletxea: Erein
  • "Assilah-ko Eroa". José Enrique Urrutia. Argitaletxea: Pamiela