Hezkuntza Saila

Leipzig

Alemaniako hiria eta izen bereko barrutiko (4.966 km2 eta 1.467.123 biztanle) hiriburua (Saxonia), Elster Zuria, Pleisse eta Parthe ibaien bilgunean, Berlingo hiritik 182 kilometrotara, hego-mendebalean. 577.495 biztanle. 1409. urtean sortutako unibertsitate garrantzitsua. Oso merkataritza eta industriagune garrantzitsua da (altzairugintza, papergintza, eraikuntza metalikoak, doitasun industria, ehungintza, janari industria, kimika industria, tabakogintza, musika-tresnak) XIX. mendeaz geroztik. Aipagarri dira Santo Tomas eliza gotikoa, XVI. mendeko San Nikolas eliza eta 1558. urteko udaletxea.  v  Historia. XI. mendean sortu zen eta merkataritzagune guztiz garrantzitsu bihurtu zen berehala (liburu eta nekazaritzako produktuen azokak egiten ziren). 1409. urtean sortutako unibertsitatea Pragako ikasle-etorkinak jasotzeko eraiki bazen ere, Alemaniako pentsalari handien bilguneetako bat bihurtu zen eta, aldi berean, Erreformaren sorburuetako bat. Hogeita hamar urteko gerran behin eta berriz setiatu zuten Leipzig eta gudu ugari izan ziren hiriaren inguruan. Oparotasun handia izan zuen XVII. mendetik aurrera liburuen merkataritzarekin, eta bertan egokitu ziren Frankfurteko liburugile eta argitaldariak ere. Bigarren Mundu Gerran zehar kalte handiak jasan zituen.  v  Leipzig-eko gudua (Nazioen arteko gudua izenaz ere ezaguna). 1813an Napoleonen eta aliatuen (austriarrak, prusiarrak, errusiarrak, suediarrak) arteko gudua. Bi egunez borrokatu ondoren aliatuak nagusitu ziren. 60.000 lagun galdu zuten bi aldeek.