Hezkuntza Saila

Leiris, Michel

Frantses idazle eta etnologoa (Paris, 1901 - Paris, 1990). 1924an mugimendu surrealistako kide egin eta Max Jacob-en eraginpean Simulacre (Itxurak egin) lehen olerki liburua argitaratu zuen. 1920ko hamarkadan idatzi eta 1946an argitaratutako Aurora bere eleberri bakarrean ere antzematen dira surrealismoaren zantzuak. 1931n Afrikara joan zen etnologia talde bateko idazkari gisa, eta urte batzuk geroago Antillak, Txina eta Kubara ere joan zen. Bidaia hauen emaitzak dira, besteak beste, L’Afrique fantôme (1934, Afrika mamua) eta Cinq études d’ethnologie (1969, Bost etnologia ikerketa) saiakerak. Psikoanalisiak eraginda, L’âge d’homme (1939, Gizonaren adina) eta La reglè du jeu (Jokoaren araua) zikloa osatzen dute Biffures (1948, Ezabaketak), Fourbis (1955, Txikikeriak), Fibrilles (1966, Izpitxoak) eta Faible bruit (1976, Zarata ahula) liburuak idatzi zituen, autobiografiari tankera berri bat emanez. Aipagarriak dira, halaber, literaturgintza zeremonietako errituekin parekatzen duten obrak: Le sacré dans la vie quotidienne (1938, Sakratutasuna eguneroko bizitzan) edota De la littérature considerée como une tauromachie (1964, Literatura tauromakiatzat hartua). Hil ondoren, Leirisen Journal (1992, Egunerokoa) argitaratu zen.