Hezkuntza Saila

Leire

Nafarroako erdi-ekialdeko mendilerroa, Aragoiko lurraldearekin muga egiten duena, Pirinio mendikatearen eta Ebroko sakanaren artean. Bi mendilerro paralelok osatua da Leireko mendizerra. Gailur nagusiak: Borregil (1.420 m) eta Arangoiti (1.355 m). Ezka, Zaraitzu eta Irati ibaiek zeharkatzen dute Leireko mendilerro arroila sakon estuak eratuz (Irunberri eta Arbaiungo arroilak). Artea, pagoa eta pinua dira Leireko zuhaizti nagusiak. Mendizerraren oinetan izen bereko monasterioa dago.  v  Leireko monasterioa. Leireko mendizerrako gain batean dagoen monasterioa, Nafarroako erromaniko goiztiar nagusia.  v  Historia. 848. urtekoak dira monasterioari buruzko lehen aipamen idatziak. Monasterioak ezagutu zuen sasoi oparoaren hasiera Antso III. Handia Nafarroako erregearen garaia (1004-1035) izan zen. XII. menderako herri ugari zeuden Leireko Monasterioaren mende, Nafarroakoak eta baita Zaragoza eta Huescakoak ere. Leireko monasterioa zistertarren mende geratu zen XIII. mendean eta etengabeko gainbehera izan zuen XVI. mendea arte. Mende horretan eraiki zen monasterio berria. XVIII. mendearen bukaeran monasterioko komunitatea jendez ondo hornitua bazegoen ere, baliabide ekonomiko gutxi zuen eta 1835ean ateak itxi behar izan zituen. 1867an monumentu nazional izendatu zuten bertako eliza eta monasterioa. 1940 aldera monasterioa berriro zabaltzeko ahaleginak egin ziren eta fraide beneditar talde bat bertan jarri zen bizitzen.  v  Artea. Monasterioko elizaren jatorria oso zaharra da. Atalik zaharrenak lehen erromaniko edo karolingiar garaiko elizaren zimentarriak dira (gaur egungo habearte gotikoaren azpian daude). Jatorrizko eraikuntza musulmanek suntsitu zuten X. mendean. XI. mendean zehar oparotasun handia izan zuen monasterioak eta atal berriak eraiki ziren. Elizaren kripta eta burualdea 1057. urtekoak dira. Aipagarri dira, halaber, XII. mendeko lau atari, Nafarroako erregeen hilobia, Nunilo eta Alodia santuen kaperak eta 1005. urteko bolizko kutxak.