Hezkuntza Saila

Lee, David

Estatubatuar fisikaria (Rye, New York, 1931). 1952an Harvarden lizentziatu, 1955ean Connecticuteko Unibertsitatean masterra egin eta 1959an fisikako doktoregoa eskuratu zuen Yalen. Urte hartan hasi zen Cornell Unibertsitatean irakasle. 1971. urtean Robert C. Richardson lankidearekin eta beraiekin lan egiten zuen Douglas D. Osheroff ikaslearekin batera, zero absolutuaren inguruko tenperaturetan helio-3 isotopoa superjariakin bilaka zitekeela aurkitu zuten Cornell Unibertsitateko laborategian. Superjariakin horrek ez zuen zerikusirik 1930ean aurkitutakoarekin, eta oso ezaugarri bereziak zituen. Beste gauza batzuen artean, garbi erakusten zuen quantumen mikrofisikaren legeek gorputz makroskopikoen jokamoldea ere zuzendu dezaketela batzuetan. Aurkikuntza honengatik hainbat sari bereganatu dituzte hiru zientzialariok, 1996ko Fisikako Nobel saria, besteak beste. David Lee Arte eta Zientzien Akademia Amerikarreko kide aukeratu zuten 1990ean, eta Zientzien Akademia Nazionaleko kide 1991n.