Hezkuntza Saila

Lee Teng Hui

Taiwandar politikaria (Tamsui, Taiwan, 1923). New Yorkeko Cornell Unibertsitatean nekazaritza arloko ekonomian doktoregoa egin ondoren, Taiwan eta Txengtxi-ko unibertsitateetako irakasle izan zen 1958-78 bitartean. Jiang Jingguo-ren eskutik hasi zen politikagintzan, eta lan asko egin zuen bere herrialdeko nekazaritzaren garapena bultzatuz. Jiang Jingguo Lehen Ministro bilakatu zenean, kartera gabeko ministro izendatu zuen Lee, eta 1984an lehendakariorde hautatua izan aurretik, Tai-peiko alkate (1978-81) eta Taiwan probintziako gobernadore izan zen (1981-1984). 1988an Jiang Jingguo hil zenean, hark utzitako kargua hartu eta Txinako Errepublikako lehen presidente taiwandarra bilakatu zen Lee. Urte horren amaieran gobernuan zegoen Kuomintang alderdiaren lehendakaritza ere hartu zuen bere gain, eta 1990ean Taiwango lehendakari hautatu zuten. Txina bakar baten politikaren aldeko sutsua da, eta bera izan da Taiwango demokratizazioa oso-osorik garatu duena. Taiwango lehen presidente demokratikoa bilakatu zen 1996an. 2000. urteko hauteskundeetan utzi zuen presidentetza.