Hezkuntza Saila

Lee, Ang

Taiwandar zinema zuzendaria (Pingtung, 1954). Gaztetatik erakarri zuen zinemak, eta 1978an Estatu Batuetara joan zen, Illinois eta New Yorkeko unibertsitateetan zinematografia ikasketak egitera. Film labur batzuk egin eta Fine Line film ertainarekin New Yorkeko Unibertsitatean film eta zuzendari onenaren sariak irabazi ondoren, Taiwanera itzuli zen film luzeak zuzentzen hastera. Taiwanen egin zituen filmen artean aipagarriak dira: Eztei bazkaria (1993) eta Jan, edan eta maitatu (1994). Leeren beste film batzuek bezala, besteak beste tradizioa eta familia jorratzen dituen Eztei bazkaria filmak Berlingo Zinemaldiko Urrezko Hartza irabazi zuen, eta atzerriko film onenaren Oscar sarirako hautatu zuten. Jan, edan eta maitatu filma ere hautatu zuten atzerriko film onenaren Oscar sarirako. Jane Austen-en eleberrian oinarritutako Sense and sensibility (1995) filmarekin hasi zen Lee bere herrialdetik kanpo film luzeak egiten. Film horrek, beste sari eta aipamen batzuen artean, Berlingo Zinemaldiko Urrezko Hartza eman baitzion Leeri, eta egokitutako gidoi onenaren Oscar saria gidoia idatzi zuen Emma Thompsoni. Azken filmak, Tigrea eta Dragoia (2001) atzerriko filmaren Oscar saria irabazi zuen.