Zumaia
Gipuzkoako kostaldeko udalerria (Urola-Kostaldea). Mugak: iparraldean, Kantauri itsasoa; ekialdean, Getaria; mendebalean, Zestoa eta Deba; hegoaldean, Zestoa eta Aizarnazabal. Garaiera, 10 m. 11,3 km2. 1997ko datuen arabera, 8.324 biztanle (zumaiarrak). Auzo nagusiak: Oikia eta San Migel Artadikoa. Urola ibaiak hegoalde iparralde igarotzen du, eta bertan isurtzen du ura Kantauri itsasora, Zumaian. Euskara, gipuzkera; euskaldunak. Hizkuntza banaketa 1996an: 3.581 euskaldun, 1.156 ia-euskaldun eta 2.050 erdaldun. Arrantza eta industria (ontzigintza, altzairugintza, kontserba industria, altzarigintza) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XIII-XVI. mendeetan eginiko San Pedro eliza eta Zuloaga pintorearen museoa eta jauregia. v Historia. 1292. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Zumaiako herria eta 1347. urtean Alfontso XI.a Mendekatzailea Gaztela eta Leongo erregearen eskutik jaso zuen hiri-gutuna. Donostiako foruen bidez gobernatzeko baimena eman zien Alfontso XI.a erregeak aldi berean. XIV-XVI. mendeetan zehar muga arazoak izan zituzten zumaiarrek Getaria eta Debako herriekin. XVI. mende bukaeran idatzi ziren lehen Udal Ordenantzak.