zulu
iz. Hegoafrikako herri afrikar beltza, hegoaldeko bantuen taldekoa (nguni). Zuluen hizkuntza gainerako ngunien –xhosa, swazi…– antzekoa da. Bederatzi milioi inguru, beren betiko eskualdeetan (Kwa Zulu, Natal, Transvaal) eta industria hirietan bizi dira. Nguni taldea XV. menderako finkaturik zegoen Afrikako hegoaldean. XVII. mendean zuluak klan gisa bereizirik agertzen dira, ngunien barneko beste hainbat talderen antzera. Klana gizarte antolaketaren oinarri zen; zenbait familia biltzen zuen, zein bere lur eta azienda propioekin, adineko gizonezko baten agindupean. Bizimodu tradizionalean, nekazari ibiltariak ziren –artatxikia biltzen zuten batik bat– eta behi talde handiak gobernatzen zituzten. XIX. mendearen hasieran zuluek, Dingiswayo-rekin (1801-1818) eta batez ere Xaka-ren buruzagitzapean (1816-1828), geroko Natal osoa hartu zuen inperioa osatu zuten. Hala, Xaka-k eguneroko bizitza militarizatu zuen, 50.000 gudariz osatutako gudaroste batekin inguruko lurraldeak mendean hartu zituen eta aginpide egitura tradizionalak hautsi zituen. 1824tik aurrera kolono europarrekin harremanetan sartu ziren. 1877an britainiarrek Transvaal beretu zuten eta horren ondorioz gerra piztu zen 1879an. Britainiarrak nagusiturik, Zululandia berregituratu zuten eta zuluek kolonizatuen artean ohikoa den akulturazio prozesuan murgildu ziren. 1906-1910 bitartean Dinuzulu buruzagi zuluak Britainiarren aurkako azken erresistentzia saioa egin zuen. Handik hara, zapalkuntza larria jasan zuten zuluek, batez ere Hegoafrikak arrazakeria politika areagotu zuenean, 1950-1970 urte bitartean. 1971n, Hegoafrikako gobernu zuriak bantustanak sortzeko politikari ekin zion eta Kwazuluko bantustana sortu zuen zuluentzat. Egun, zuluen lurraldea pobrea da eta jende gehiegi biltzen du; hala bada, nekazaritzan eta abeltzaintzan jarduteaz gain, gizonezko askok Hegoafrikako industria eta hiri lurraldeetara alde egin behar izan du. Sharpevilleko matxinadan (1960) eta Sowetokoan (1977), esaterako. Hegoafrikako politikan, zuluak bi alderditan bereizirik daude: alde batetik ANC delakoa, arraza anitzez osatua, apartheid-en kontrako borroka zuzendu duena, Hegoafrika batuaren aldekoa eta, bestetik, Inkatha mugimendua –1978an Gotsha Buthelezi-k sortua–, zuluek soilki osatua, errejimen zuriarekin batera ANCren aurka borrokatu dena eta Zululandia aske baten aldekoa.