Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zubizarreta, Andoni

Futbol jokalari gipuzkoarra (Aretxabaleta, 1961). Alavés taldeko harrobitik ateratako atezaina da, eta Athleticen zaildu zen Joxe Anjel Iribarren eskutik. Bost denboraldi eman zituen talde horretan, eta Liga Txapelketa eta Errege Kopa bana irabazi zituen zuri-gorriekin. Bere arorik oparoena 1986tik 1994ra bitartekoa izan zen, F.C. Barcelona taldearekin jokatu zituen urteek osatua hain zuzen ere. Lau Liga txapelketa (1991 eta 1994 artekoak) eta bi Errege Kopa (1989 eta 1990koak) irabazi zituen talde horrekin, baita 1989ko Europako Errekopa, 1992ko Europako Kopa eta 1993ko Superkopa ere. 1994an Valencia taldeak fitxatu zuen. Horrez gain, Espainiako selekzioarekin hiru aldiz jokatu du Munduko Txapelketa: Mexiko 86, Italia 90 eta AEB 94. Nazioartean ere bi Eurokopa jokatu ditu: Alemania 88 eta Ingalaterra 96. Espainiako Ligan errekor anitz ditu Zubizarretak: Ligan –622– eta selekzioarekin –123– partida gehien jokatu dituen jokalaria da. 1998. urtean erretiratu zen futbol profesionaletik.