Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zuccaro, Taddeo

eta Federico. XVI.mendeko italiar margolariak. Anaiak ziren. Erromako manierismoa maila gorenera eraman zuten. Taddeok (Urbino, 1529 - Ancona, 1566) batez ere Erroman egin zituen lanak. Michelangelo eta Rafaelengan oinarritu zen bere estiloa finkatzeko. Farnese familiarentzat freskoak margotu zituen, Caprarolan. Harenak dira, halaber, Erromako San Marcello al Corso elizako freskoak, eta Vatikanoko Sala Regiakoak. Taddeo hil ondoren, Federicok (Urbino, 1540 - Erroma, 1609) hartu zuen haren lantegiaren ardura, eta hark hasitako lanak bukatu zituen: Vatikanoko Sala Regia, eta Caprarolako freskoak. 1573-1574 urte bitartean Herbehereetan eta Ingalaterran bizi izan zen, eta gorteko kideen erretratuak egin zituen. Handik Italiara itzuli zenean egin zuen bere obra nagusia: Florentziako katedraleko gangaren fresko lana (1575-1579, Azken juizioa). Federicoren ospea berehala zabaldu zen Europan barrena, eta Filipe II.a Espainiako erregeak deitu zion Escorialeko zenbait erretaula margo zitzan. Ordea, ez bide zitzaion erregeari askorik gustatu Zuccaroren lana, eta batzuk ezabarazi egin zituen. 1593an, San Lucas Akademiako sortzailea eta aurreneko lehendakaria izan zen Erroman. Federico Zuccarok obra idatzi bat utzi zuen: Margolarien, eskultoreen eta arkitektoen ideia (1607); bertan ageri da manierismoaren oinarri teorikoa.