Zubiria, Amaia
Gipuzkoar kantari eta kantagilea (Zubieta, 1948). 1976an ekin zion profesionalki abesteari, Haizea taldeko kide bezala. Talde harekin bi disko kaleratu ondoren, beste hiru osatu zituen Pascal Gaignerekin batera. 1991tik 1993 arte Haizea taldean taldekide izan zuen Txomin Artolarekin elkarlanean jardun zuen, gehienbat euskal folklorearen inguruko lanean. Elkarrekin Folk Lore Sorta izenpeko hiru disko kaleratu zituzten. Bakarka hasi eta 1995ean kaleratu zuen bere lehen bakarkako diskoa, Amonaren mengantza. Mami Xuri eta Hou pitxu hou! diskoak aurkeztu zituen 1998an. Abesti tradizionalak grabatzeaz gain, hainbat olerkari eta bertsolariren hitzak erabili ditu bere diskoetarako, baita berak sortutako letra eta musikak ere. Bakarkako karrerari eusteaz gain, maiz aritzen da beste musikari batzuekin, eta, besteak beste, zinemarako musika banda ugaritan jarri izan du ahotsa.