Zubizarreta, Víctor
Bizkaitar musikagilea (Bilbo, 1899 - Bilbo, 1970). Hamabi urte zituela, Bilboko San Nikolas elizako organo-jotzaile izan zen. Geroago, Madrilgo kontserbatorioan egin zituen ikasketak, eta hiri askotan kontzertuak eman zituen. Perosiren adiskidea izan zen, eta haren eragina dute Zubizarretaren lanek. 1926. urtean Santa Cecilia Schola Cantorum-a sortu zuen Bilbon. Bestalde, Bilboko kontserbatorioko zuzendari eta Begoñako Ama Birjinaren elizako organo-jotzaile izan zen. Lan aipagarriak ditu: Kardin balleta, Fantasía vasca orkestrarako, Sonata biolin eta pianorako, organorako eta pianorako lanak(Rapsodia vasca), eta koruetarako herri abestiak (Ama begira zazu, Agur ene maitia).