Zaraitzu
Nafarroako ipar-ekialdeko ibarra (Zangozako merindadea). Honako udalerri hauek osatua da: Ezkaroze, Espartza, Galoze, Gorza, Itzaltzu, Eaurta, Otsagabia, Orontze eta Sartze. 333,7 km2 eta 2.080 biztanle. Euskara da Zaraitzuko berezko hizkuntza, ekialdeko baxenafarreraren aldarea bat, zaraitzurera. XIX. mendearen erdialdean hasi ziren hegoaldeko herriak erdalduntzen, eta XX. mendearen lehen erdialdean sartu eta nagusitu zen gaztelania Zaraitzuko ibarrean. Gaur egun, zaraitzuarren % 15 dira euskaldunak eta ia euskaldunak. Nekazaritza (laborantza, abere hazkuntza; langileen % 48) eta zerbitzuen alorra (mendi turismorako azpiegiturak; langileen % 30) dira Zaraitzuko ibarreko ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. Erdi Aroko dokumentuetan aipatzen da lehen aldiz Saresazo, Saresazu, Sarasazo, Sarassazo, Sarasazu, Sarassazu, Sarassaz, Sarrasaz eta, batez ere, Sarasaz izenez. XI. mendean aipatzen da lehen aldiz Zaraitzuko ibarra izenaz.