Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zarama

Bizkaitar musika taldea, 80ko hamarkadaren hasieran Roberto Mosoren eraginpean Santurtzin sortua eta 1995ean desagertua. Hasierako urteetan bi single kaleratu zituzten: Nahiko (1982) eta Zaramaren erdian. Lehen lan luzea 1984an kaleratu zuten, Indarrez izenburupean, eta Gaua apurtu arte (1985) izan zen bigarrena. Euskal Herrian rock erradikalaren mugimendua puri-purian zegoela lortu zuen Zarama taldeak arrakastarik handiena. Diskoetxez aldatu eta 1987an kaleratu zuten Dena ongi dabil izeneko lana, eta handik bi urtera Bostak bat deritzana. 1991n kaleratutako maxi batek, Iñaki zer urrun dago Kamerun, aparteko arrakasta lortu zuen Euskal Herri osoan. Sexkalextrik (1991) eta Binilo Bala (1994) lanek osatzen dute taldearen diskografia. 1995ean, Santurtzin, egindako Ibilaldian eskaini zuten agurreko kontzertua.