Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zaragoza

Izen bereko probintziako eta Aragoiko Autonomia Erkidegoko hiriburua, Ebro ibaiaren ezkerraldean. 479.845 biztanle. Metalen industriak garrantzia du (makina-erraminta, nekazaritzarako makinak, autoak, etab.). Industria kimikoak ere indar handia du, eta baita ehungintzak ere. Hirigune zaharra ibaiaren ondo-ondoan dago; han zegoen erromatarren kokagunea, eta garai hartako harresi puska batzuk gorde dira. Musulmanen garaiko Aljaferia gorde da (XI. m.). Erlijio eraikuntzarik garrantzizkoena Seo katedrala eta Pilarko Andre Mariaren katedrala dira, biak XV. mendekoak, Beste eliza batzuk dira: San Paulo (XIV. m. bukaera), eta Santa Engrazia, aurrealdea plateresko estilokoa duena. Eraikuntza zibilen artean, aipagarria dira Lonja (1541-1551), Real Maestranza eta Epaitegia, denak Errenazimentukoak.  v  Historia. Sedetanoen leinu iberiarra bizi zen antzina gaur Zaragoza dagoen lekuan. I. mendearen inguruan hasi zen hiria indartzen, Oktavio Augustok Caesaraugusta erromatar hiria sortu zuenetik. Musulmanak menderatu zutelarik (714), Al-Ankar aristokraziako familiak aginpidea izan zuen. Kordobako kaliferria desegin ondoren, Taifa erreinuetako baten hiriburu izan zen. 778. urtean, Karlomagnoren osteek setiatu zuten, baina atzera egin behar izan zuten. Hainbat saioren ondoren, Aragoiko Alfontso Gudulariak eskuratu zuen, 1117. urtean, besteak beste, Biarnoko Gastonen laguntzarekin. Hari utzi zion, feudo herri gisa, Aragoiko erregeak Zaragozako eskualdea. 1118an setiaturik, musulmanek hiritik alde egin behar izan zuten, baina harresiez kanpo bizitzeko eta beren ondasunak gordetzeko eskubidea onartu zitzaien. Hala, arabiarren auzoak garrantzi handia izan zuen XVI. mendea arte. Kataluniako eta Aragoiko erreinuek bat egin zuten Ramon Berenguer IV.a erregearen garaian, eta horrek Zaragozaren gaineko aragoitarren indarra bermatu zuen, Alfontso VII.a Gaztelako erregearen erasoak gorabehera. Zaragozak bere erakunde burujabeak izan zituen, eta XVI. eta XVII. mendeetan zehar Erdi Aroko foruei eutsi zien, Madrilgo gortearekin beti borrokan, XVIII. mendearen hasiera arte: borboitarrek Espainiako erregetza hartu, eta erakunde haiek guztiak desegin zituzten. Napoleonen aurkako guduetan, frantsesek setiatu zuten hiria (1808-1809). 1864an iritsi zen burdinbidea Zaragozara, eta harekin batera industria asko indartu zen; industria haietako langileek indar handiko langile mugimendua sortu zuten. 1872an, Espainiako Langileen Eskualdetako Federazioaren II. Biltzarra egin zen Zaragozan, eta 1922an CNT sindikatuak biltzar nagusia egin zuen. 1936an, Espainiako gerran, Cabanellas jeneralak Francoren osteen mendean jarri zuen.