Yukon
Ipar Ameriketako iparraldeko ibaia, Yukongo lurraldetik (Kanada) eta Alaskatik igarotzen dena. 3.017 km ditu; Ipar Ameriketako hiru ibai luzeenetako bat da. Fort Selwynb-en jaiotzen da, Lewes eta Pelly ibaiek bat eginik, eta Bering-eko itsasoan isurtzen du ura. Goi ibilgua Yukongo lurraldetik igarotzen da, 608-912 m-ko kanoi batetik; behe ibilgua lauagoa du. 855.000 km2-ko arroa eta 23.300 km2-ko delta eratzen du eta ibai ugariren ura hartzen du; White eta Klondike (txikia, baina urre ugari aurkitu zelako ospetsua), Kanadan, eta Porcupine eta Tanana, Alaskan, dira adar nagusiak. Indar hidroelektrikoa sortzeko erabiltzen da Yukon ibaiko ura; garrantzi handiko garraiobidea da, eta izokinen arrantza gune handia da.