Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Yunnan

Txinako hegoaldeko probintzia, zabaleraz Txinako laugarrena. 436.200 km2 eta 37.000.000 biztanle. Mugak: ipar-mendebalean Tibet, iparraldean Xezuan, mendebalean Birmania eta hegoaldean eta hego-ekialdean Laos eta Vietnam. Hiriburua: K’un-ming. Talde etnolinguistiko asko dago Yunnanen; handiena han-ek (txinatarrak) osatua da, baina badira beste 21 talde handi eta 60 gutxiengo etniko, musulmanak, tibetarrak, tibetobirmaniarrak eta beste. Talde guztiok erabat nahasiak daude probintzian. v Orografia eta hidrografia. Hiru lurralde bereizten dira: ipar-ekialdea, Yangtse ibaiaren harana; mendebala guztiz menditsua da eta ibai anitzek –Saluen, Mekong, Song Koi, Ibai Beltza…– ipar-hegoalde norabidean zulaturiko arroil sakonek zeharkatua; ekialdea ordoki eskualdea da, probintziako jendeztatuena. Batez besteko garaiera: 2.000 m. Klima tropikala da: ekuatoretik hurbil izanik ere, garaierak tenperatura apalzen du. Hego-mendebaleko montzoiak sei hilabeteko sasoi hezea ekarri ohi du. v Ekonomia. Nekazaritza oso ugari da: arroza, artoa, garagarra, artatxikia, garia, tea, tabakoa, opioa, landare oliodunak, patata, azukre kainabera… Azienda: ardiak eta ahuntzak. Mea ekoizpenak garrantzitsuak dira: eztainua, kobrea, ikatza, antimonioa, burdina, beruna, gatza… Industria ere bada: altzairugintza, kimika industria, papergintza, oihalgintza… Azken garaietan probintzia aurrerabidean jartzeko asmoz egindako ahaleginei esker errepide eta burdinbide sareak asko zabaldu dira.