Yamamoto, Satsuo
Japoniako filmegilea (Kagoshima, 1910 - 1983). 1937an egin zuen bere lehen filma Toho produkzio etxerako, Ojosan (Andereñoa). André Gide-ren La Symphonie Pastorale eleberria Den’en kokyogaku izenaz zinemara egokitu izanak Japoniatik kanpo ezagun egin zuen. 1947-1948an Tohon izandako grebetan parte harturik, produkzio etxe hori utzi eta bere kasa hasi zen lanean. Alderdi komunistaren aldeko izan zen. Shinsei Eiga Sha elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta film aurrerakoiak, antimilitaristak eta gizarte arazoak salatzen zituztenak egin zituen han: Shinkuchitai (1952, Kuarteleko bizimodua), Hakone no fuunroku (1952, Ekaitza Hakone mendien gainean), Taiyo no nai machi (1954, Eguzkirik gabeko auzoa), Europan arrakasta handia izan zuen filma. 1960 inguruan, gizarte komedia landu zuen eta produkzio etxe handientzat hasi zen berriz lanean.