Wiesel, Élie
Estatubatuar idazlea, jatorriz errumaniarra eta frantsesez idazten duena (Sighet, Transilvania, 1928). Wieselen lanak bere bizitzako bi esperientzien ohiartzuna dira: hamasei urte zituela Auschwitz eta Buchenwald kontzertrazio esparruetan bizi izandako esperientzia, eta bestetik Sigheten bizi izan zuen fede hasidista. 1956an bere herritik irtetera behartu zuteneko pasadizoa idatzi zuen yiddish hizkuntzaz: Et le monde se taisait (Eta mundua isilik gelditzen zen). Handik bi urtera Frantzian La Nuit (1958, Gaua) argitaratu zen, kontzentrazio esparruei buruzko lana. Wieselek berak zioen, ez erotzeko idazten zuela, edo bestela, erotasunaren hondoa jotzeko: Paroles d'étranger (1982, Atzerritarraren hitzak). L'Aube (1960, Egunsentia) eta Le Jour (1961, Eguna) lanetan beste krisi egoera batzuk lantzen ditu. Egilearen tradizio bikoitza nabarmentzen dute lan horiek, yiddish ipuinarena batetik, eta bestetik, inspirazio hasidikoko eleberri espirituala. 1966an, Sobietar Batasuneko juduen egoerari buruz egin zen inkesta baten ondoren, saiakera lan bat Les Juifs du silence (Isiltasunaren juduak) eta antzerki lan bat Zalmen ou la Folie de Dieu (1968, Zalmen edo Jainkoaren erotasuna) idatzi zituen. 1968an Médicis saria jaso zuen Le Mendiant de Jérusalem (Jerusalemgo eskalea) lanagatik. Célébration hassidique (1972, Ospakizun hasidikoa), Célébration biblique (1975, Ospakizun biblikoa), Contre la mélancolie (1981, Malenkoniaren kontra), Célébration talmudique (1991, Ospakizun talmudikoa) lanetan judu hasidikoaren fedea azaltzen du. Le Testament d'un počte juif assassiné (1980, Poeta judu erahil baten testamentua) lanean judu komunista gazte baten istorioa kontatzen du; gazte horrek historian zehar bidaia egiten du (nazismoa, Espainiako gerra, estalinismoa) eta bere nortasun juduaren berri ematen saiatzen da hil aurretik. Zapalkuntza eta esetsaldi antisemita oinarrizko gaiak dira Wieselen lanean, baina baita itxaropena, erbestealdia eta mundu galdu baten nostalgia ere. Le Cinquičme Fils (1983, Bosgarren semea) eta L'Oublié (1989, Ahaztura) lanetan Wieselen lanaren beste garrantzizko lan bat agertzen da, aita-seme harreman zaila hain zuzen. 1963an Estatu Batuetako hiritartasuna hartu zuen eta Bostoneko Unibertsitateko giza zientzietako katedraburu izendatu zuten. 1986an Bakearen Nobel saria eman zioten eta bi memoria liburu argitaratu zituen, Tous les fleuves vont ŕ la mer (1994, Ibai guztiak itsasora doaz) eta ...Et la mer n'est pas remplie (1996, …Eta itsasoa ez dago beteta).