Wieschaus, Eric
Suitzar biologoa (1947). Fisika eta biologiako ikasketak egin zituen, Estatu Batuetan, South Bend eta Yale unibertsitateetan. Suitza, Frantzia, Alemania eta Estatu Batuetan egin du lan, eta azkeneko urteetan New Jerseyn, Princetoneko Unibertsitateko biologia molekularreko sailean aritu da. Hirurogeita hamarreko urteetan Nobel saridun Christiane Nusslein-Volhardekin ikasi zuen, Heidelbergeko Biologia Molekularreko Europar Laborategian, helburu berarekin biek: drosofila euliaren arrautza enbrioi zatikatu nola bihurtzen zen aurkitzea. Urtebeteko lanaren ondoren, hamabost gene desberdin bereizi zituzten, eta gene horietan aldaketak eginez gero enbrioiaren zatikatzean akatsak sor zitezkeela aurkitu zuten. 1980an argitaratu zituzten beren lehenbiziko ondorioak, umekiaren garapena kontrolatzen duten geneak gen jakin batzuk direla zehaztu ondoren. Lan horregatik Medikuntzako Nobel saria jaso zuten 1995ean, Christiane Nusslein-Volhard alemaniarrarekin eta Edward Lewis estatubatuarrarekin batera.