Wiener, Norbert
Estatu Batuetako matematikaria (Columbia, Montana, 1894 - Stockholm, Suedia, 1964). A. Rosemblueth-ekin batera zibernetika sortu eta definitu zuen, eta informazio kontzeptuari oinarri matematikoa eman zion. 14 urte besterik ez zuela graduatu zen Matematikan, eta gerora Biologia ikasten hasi zen Harvarden; konturatu zen baina, laborategian ez zela oso trebea, eta utzi egin zuen karrera. Filosofia ikasten hasi zen, eta 18 urterekin lortu zuen dokoretza, matematika logikaren gainean egindako tesiarekin. Gerora informazio selektiboaz eta entropia negatiboaz aritu zen, eta bere lan ezagunena, informazioari buruzko teoria matematikoa, sortu zuen. 1948. urtean Cybernetics: or, Control and Communication in the Animal and the Machine (Zibernetika, edo animaliaren eta makinaren arteko komunikazioa eta kontrola) izeneko obra argitaratu zuen; bertan, kontrol automatikoa duten sistemen printzipioak eta aplikazioak azaldu zituen. Obra horrek eragin handia izan zuen hainbat alorretako zientzialarien artean. Wiener-ek gizarte zientzietan, eta bereziki psikologian, matematika aplikatzeko oinarriak ezarri zituen. Aipagarriak ditu orobat The Human Use of Human Beings (1954) eta Nonlinear Problems in Random Theory (1958).