Wenders, Wim
Alemaniako zinemagilea eta argazkilaria (Dusseldorf, 1945). Municheko zinema eskolan ikasketak egiten ari zela sei film labur egin zituen. Zinema kritikak eta rockari buruzko artikuluak idatzi zituen. Summer in the City (1970) du lehen film luzea. Peter Handke idazlea ezagutu zuen eta haren eleberri batean oinarriturik, Die Angst des Tormanns beim Elfmeter (1971, Atezainaren beldurra penaltiaren aurrean) filma egin zuen. Gero, Nathaniel Hawthorneren eleberri batean oinarritutako film bat egin zuen, Der Scharlachrote Buschtabe (1972, Gutun eskarlata). Alice in den Stadten (1973, Alice hirietan), Falshe Bewegung (1974, Gezurrezko higidura), Im Lauf der Zeit (1975, Denbora joan ahala) filmek osatutako trilogia bikainak arrakasta handia izan zuen nazioartean. 1977an Patricia Highsmithen eleberri bat egokitu zuen zinemarako, Der Amerikanische Freund (Ameriketako adiskidea), arrakasta handia izan zuen filma. 1978an Estatu Batuetara joan zen Coppolak produzitutako film bat egitera, Hammet (1982), idazlearen biografian oinarritutako filma, estudioarekin liskarrak eragin zizkiona. Bitartean, Nick’s Movie/Lightning Over Water (1980, Nicken filma/Tximista ur gainean) egin zuen, Nicholas Ray zinemagilearen heriotzari buruzko dokumental zirraragarria. 1982an Der Stand der Dinge (1982, Gauzen egoera) egin zuen Portugalen, eta 1983an, Tokyo-Ga, Ozu zinemagileari buruzko filma. 1984an Paris-Texas egin zuen, arrakasta handiko film bikaina. Der himmel über Berlin (1987, Zerua Berlin gainean) eta Bis Ans ende der Welt (1991, Munduaren amaieraraino) ditu azken filmak. 1990eko hamarraldian egin dituen filmetan, aurrekoetan bezala, metafora berezien bidez ageri da bere filmetan islaturik Alemaniaren aldaketa: Hain urruti, hain gertu (1993). Bestalde, musikaren inguruko hainbat lan ere egin ditu azken urteotan, besteak beste Lisbon Story (1994, Madredeus portugaldar taldearen ingurukoa), eta Buena Vista Social Club (1999, Kubako musikaz).