Waller, Fats
Estatu Batuetako jazz musikagilea, piano-jotzailea eta organo-jotzailea (New York, 1904 - Kansas City, 1943). Jazzaren historiako piano-jotzailerik bikainetako bat izan zen. 15 urte zituela piano-jotzaile profesional gisa aritu zen kabaretetan eta antzokietan. Jazzeko kantari eta musikari handiekin jardun zuen: Bessie Smith, Louis Armstrong… 1930. urte aldera abestiak idazten hasi zen eta 1934tik aurrera ehunka grabazio egin zituen bere talde txikiarekin. Umore, asmamen eta irudimen handia zuen. Jazzeko lehen organo-jotzailea izan zen. Pieza ezagunen egilea da, hala nola Ain’t Misbehavin’, Honeysuckle Rose, Squeeze Me eta beste asko. Zenbait filmetan ere –Stormy Weather (1943)– esku hartu zuen.