Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wallenstein

edo Waldstein, Albrecht von. Txekiar jatorriko militar alemaniarra (Hermanic, Bohemia, 1583 - Eger, gaur Cheb, 1634). Jean Husen jarraitzaile gisa ezaguna zen etxe noble bateko semea zen. Jesuiten eraginez katoliko egin zen. Bolonian eta Paduan egin zituen ikasketak. Estiriako dukearen aginduetara zegoela (1615-1617), turkiarren eta veneziarren aurkako guduetan parte hartu zuen. Bien bitartean, Lukrezia Nikosia lehen emazteak hiltzean utzitako dirutzarekin gudaroste pribatu ahaltsua osatu zuen. 1618an Fernando II.a Habsburgokoaren aginduetara jarri zen. Danimarkarrak Alemaniako iparraldean menderatu ondoren, Friedlandgo duke (1624) izendatu zuten. Ondoren protestanteen aurka lorturiko garaipenengatik Sagan-eko eta Mecklenburg-eko dukerriak eskuratu zituen. Printze katolikoek, Wallesnteinen aginpide gero eta handiagoaren beldurrez, Ratisbonako dietan bere karguetatik kentzea lortu zuten (1630). Baina Tilly hil ondoren (1632), Suediako Gustabo Adolforen garaipenek hartaraturik Fernando II.ak laguntza eskatu zion berriz Wallensteini. Tropa katolikoen buruzagi nagusia zela, Gustavo Adolforen gudarostearen aurka borrokatu zen Lützen-eko guduan (1632). Suediarrek galera handiak jasan arren, erregea ere bertan hil zelarik, azkenik katolikoek atzera egin behar izan zuten. Etsaiekin elkar hartu nahirik, Fernando II.ak hilarazi zuen haren ofizial baten bidez.