Voltaire, François Marie Arouet
Frantses idazlea (Paris, 1694 - Paris, 1778). Parisko erdi mailako burges familia batean sortu zen. Jesuitekin ikasi ondoren, lege ikasketak egiten hasi zen aitaren aginduz, baina alde batera utzi zituen idazteari ekiteko, eta bere burua giro libertinoetan ezagutarazi zuen. 1717an La Bastilleko kartzelan sartu zuten Orlèans-ko Filipe erregeordea eta haren gobernua bertsotan laidoztatzeagatik. 11 hilabeteko kartzelaldi hartan La Henriade poema epikoa idatzi zuen, besteak beste, eta Voltaire izena erabiltzen hasi zen. 1718an, kartzelatik atera berritan, Edipo antzezarazi zuen, bere tragedia sail luzean lehena, eta arrakasta handia lortu zuen. 1720an inoiz alboratuko ez zituen negozioak egiten hasi zen (inbertsioak, espekulazioak, maileguak, etab.), eta modu horretara bizitzan zehar dirutza handia bildu zuen. 1926an familia nobleko gizaseme batekin izandako liskarraren ondorioz berriro La Bastillera eraman zuten eta handik Ingalaterrara joateko utzi zuten irteten. Ingalaterran eman zituen hiru urteetan idazle eta filosofo ospetsuak ezagutu zituen (Pope, Swift, Gay, Locke) eta ingeles errejimen liberalarekiko miresmena sortu zitzaion. Frantziara itzultzeko baimena lorturik, genero desberdineko obrak argitaratu zituen: Shakespeare-ren eragina zuten zenbait antzerki –Brutus (1730), Zaïre (1731)–, “konkisten eromena” kritikatzen zuen Histoire de Charles XII (1731, Karlos XII.aren historia), kristautasunaren dogmen kritika –Epître a Uranie (1733)–, etab. Alabaina, Frantziako erakundeen eta ohituren satira batek –Lettres philosophiques (Gutun filosofikoak, 1734)– sortu zuen eskandaluagatik, Madame de Châtelet bere amorantearen Lorraineko gazteluan babesa hartu behar izan zuen. Bertan iragandako urteetan (1734-1749) tragedia berri asko idatzi zituen -La Mort de César (1735, Zesarren heriotza), Mahomet (1741), Mérope (1743), etab–, bai eta bestelako obrak ere hala nola bere epikureismoaren adierazgarri den Discours sur l’homme poema (1738) edo zuzengabekeria salatzen duen Zadig ipuina (1747). Versailles-eko gortearen faborea izan zuen aldi laburrean (1744-1747) bere obrak antzezteko aukera izan zuen, eta ikuskariak aurkeztu zituen. 1746an Akademiako kide izendatu zuten. Châtelet-eko markesa hil ondoren (1749), Parisa aldatu zen iloba eta amorantea zuen Madame Denisekin. 1750ean, Prusiako Frederiko II.ak deiturik, Postdam-era joan zen eta han Le Siècle de Louis XIV (1752, Luis XIV.aren mendea) obra historikoa eta Micromégas ipuin filosofikoa idatzi zituen. 1753an babeslearekin haserretu ondoren Frantziara itzuli zen, eta La Pucelle (1755, Neskatxa) Joana Arc-ekoaren gaia umorez lantzen zuen poemak katolikoen haserrea piztu zuen; urte horretan bertan Genevan bizitzea erabaki zuen. Lisboako lurrikara (1755) zela eta, probidentzia zalantzan jartzen zuen Poème sur le désastre de Lisbonne idatzi zuen (1756), J. J. Rousseau-ren kritika izan zuena. Ez obra hori ez eta Essai sur les moeurs (1756, Ohiturei buruzko saiakera) ere, ez ziren Genevan nagusi ziren kalbinisten gogokoak gertatu; horregatik beste etxe bat erosi zuen Ferney-n (Lorraine) eta hara joan zen bizitzera. Ferney-n igaro zituen Voltairek azken urte emankorrak: gutun ugari, ezin konta ahala bisitari, eta, lehengo egoitzetan egin ohi zuenez, bere antzerki obrak antzezten zituela. Literatura jarduera nagusiak bere ideia filosofikoak hedatzea zuen helburu: Candide (1759, Kandido, Ibon Sarasolak euskaratua), Leibniz-en optimismoaren aurkako ipuina; Traité sur la tolérance (1763, Tolerantziari buruzko tratatua), arrazoiaren goraipamena; Dictionnarire philosophique (1764), gizartearen, literaturaren eta erlijioaren kritika; Jeannot et Colin (1764), L’Ingénu (1767, Inozoa) ipuin filosofikoak, etab. Halaber, intolerantzia zela eta, halamoduzko epaiketetan biktima izan zirenen alde esku hartu zuen publikoki, askatasun indibidualen murrizketak adorez salatuz. Hil baino bi hilabete lehenago Parisa hurbildu zen Irène obraren antzezpenerako; tolerantziaren eredutzat hartzen zuen burgesia liberalak harrera ezin hobea egin zion eta Akademiako lehendakari izendatu zuten. Laurogeita lau urte zituela hil zen herriaren begirunea bereganaturik. Idazle gisa Voltairek literatura genero asko maisutasun handiz erabili zituen: tragedia –52 obra–, poesia, obra historikoa, dialogoak, ipuin filosofikoak… Horietan guztietan bizienak ipuinak dira; haietan, ironiaz eta umorez, garaiko injustizia guztiak salatzen zituen, fanatismoaren eta intolerantziaren aurka eginez. Voltairek Jainkoarengan sinesten zuen baina ez zituen erlijioen praktikak, apaiz berekoiak eta tradizio faltsuak onartzen; moral naturala guztiona zela aldarrikatzen zuen eta, haren mendean jarriz gero, gerrak eta jazarpenak desagertu behar zutela uste zuen.
- Volta Redonda
- Volta, Alessandro
- Volta
- voltaia
- voltaiko
- Voltaire, François Marie Arouet
- voltametro
- voltanpere
- Volterra, Vito
- voltmetro
- Voltoire