Visconti
Milango familia, XIV-XV. mendeetan Milanen aginitari izan zena. Visconti familiako lehen agintaria Ottone (1207-1295) izan zen eta azkena Filippo Maria (1392-1447). Horiez gainera, aipagarriak dira Matteo I.a, Gian edo Giovanni Galeazzo eta Giovanni Maria. Ottone Milango artzapezpiku izendatu zuten 1262an; Milango nobleen laguntzarekin eta Della Torre familiaren kontra, Milango jaun izendatu zuen bere burua. Haren iloba Mateo I.a (1250-1322) inperioko bikario izendatu zuen osabak. Della Torre familia menderatu zuen Henrike VII.a enperadorearen laguntzarekin, lurralde asko hartu zituen, eta Visconti familiaren nagusitasuna finkatu zuen. Gian Galeazzok (1351-1402) Venezian eta Italiako erdialdean kanpaina handia egin zuen; lurralde askokonskitatu eta erosi zituen eta dukerria asko zabaldu zuen. Alaba Valentina Orléansko duke Luisekin ezkontarazi zuen eta, ezkontza horren ondorioz, Valentinaren iloba Luis XII.ak Milanen gaineko eskubideak eskatu zituen 1499-1500. urteetan. Gian Galeazzoren ondorengoa Giovanni Maria izan zen, baina hil egin zuten eta Filippo Mariaren (1392-1447) esku geratu zen dukerria 1442an. Filippok alaba Maria Bianca Francesco Sforzarekin ezkondu zuen (1441) eta, hala, Sforzatarren esku geratu zen Milango dukerria.