Vidales, Luis
Kolonbiar olerkari eta saiakera idazlea (Calarcá, Caldas, 1904 – Bogotá, 1990). Nekazari familia bateko semea zen. Gaztetatik Bogotá eta Medellíneko literatura elkarteetan parte hartu zuen, batez ere 1915az geroztik Medellínen kokaturiko Panida taldean. Han, León de Greiff olerkariak sortutako Panida aldizkarian parte hartu zuen. Poeta haren lanek, gainera, eragin handia izan zuten Vidalesengan. 1926an argitaratu zuen Suenan timbres (Txirrinak joka ari dira) liburua Kolonbiako lehen olerki lan abangoardistatzat jo zuten, De Greiffen esperimentalismo hertsia eta ironia muturreraino eraman izanaren ondorioz. Ondoren, egunkari eta aldizkarietarako lanak idazten jardun zuen, eta 1948 arte ez zuen bere bigarren liburua, La insurrección desplomada (Porrot egindako altxamendua), kaleratu. Hirugarrena, La obreríada, 1977an argitaratu zuen. Azken horietan, edukiari dagokionez, Pablo Neruda idazlearen antzeko ikuspegia hartu zuen, hau da, giza arazoekiko konpromisoarena. Saiakeretan ere islatu zuen, estetika marxistaren ildotik, langileriaren sufrimenduekiko konpromiso hori.