Videla, Jorge Rafael
Argentinar militarra (Mercedes, Buenos Aires, 1925). 1942. urtean eskola militarrean sartu zen eta 1971. urterako jenerala zen. 1975. urtean estatu nagusiko buruzagi eta gudarosteko komandante nagusi izendatu zuten. María Estela Martínez de Perón lehendakariaren aginduz, gogor zapaldu zituen Montoneroen eta Herriko Gudaroste Iraultzailearen jarduerak. 1976. urtean gudarosteko komandanteek estatu kolpea eman zuten Argentinan eta Videla izendatu zuten lehendakari. Errejimen berriak alderdi politikoak debekatu eta gerrillaren aurkako borroka indartu zuen. Ekonomiari dagokionez inflazioa gutxitzeko ahaleginak egin zituen eta ekoizpenean estatuaren parte hartzea gero eta txikiagoa izatea bultzatu zuen. Kanpo merkataritzako harremanei oztopoak kendu izanak, ordea, inportazioak ugaldu zituen eta Argentinako industria asko ixtera behartu. Batzorde militarrak ezarritako bost urteko agintaldia 1981. urtean amaitu zuen Videlak eta Viola jenerala izendatu zuten lehendakari. 1983. urtean, berriro demokrazia ezarri zenean, gobernu ohiko batzorde militarreko kideak eta hauek izendaturiko presidenteak diktaduran estatuko terrorismoa erabili izanagatik epaitu zituzten. Videlak uko egin zion defentsari eta 1985. urtean bizi guztirako espetxe zigorra eman zioten. 1990. urtean, berari eta gainerako diktadurako buruzagi militarrei, indultua eman zien Menem lehendakariak.