Vidal i Alcover, Jaume
Katalan idazle eta filologoa (Manacor, Mallorca, 1923 - Tarragona, 1991). 1946an Bartzelonako Unibertsitatean zuzenbidea ikasi ondoren, filosofia eta letretako ikasketak ere egin zituen, eta katalan filologiako doktoregoa lortu zuen 1976an. 1978tik aurrera literaturako irakaslea izan zen Tarragonako Unibertsitatean. Bere literatura lanei dagokienez, poesia, prosa nahiz antzerkia landu zituen. Itzulpen lanak ere egin zituen: Rimbaud, Brecht, Proust eta beste hainbat eman zituen katalanez. Bere olerkigintzan beti ageri da gizakiaren hilkortasun eta bakardadearen gaia; olerki libururik onenetako batzuk El dolor de cada día (1957, Eguneroko oinazea); Dos viatges per mar (1965, Bi bidaia itsasoz), Ciudad de Palma saria jaso zuena; Terra Negra (1970, Lur Beltza), Carles Riva saria eta Sonets alesandrins (1981, Soneto alexandrotarrak) dira. Bere prosagintza, herri folkloreko elementu ugariz hornitua, eleberri eta kontakizun laburrek osatzen dute: Les quatre llunes (Lau ilargiak), 1969an Víctor Catalá saria jaso zuena;Visca la revolució (1974, Gora iraultza); Didó i Eneas (1976); Els dies y els anys (Egunak eta urteak), 1976an hasitako saila; La vida fàcil (1987, Bizimodu erraza), Els intocables (1988, Ukiezinak). Antzerki obra nagusiak, berriz, La fira de la mort (1970, Heriotzaren feria) eta Edip (1977) dira. Bestalde, katalan hizkuntzari buruz egindako azterlanak ere baditu.