Vela Zanetti, José
Espainiar margolaria (Milagros, Burgos, 1913 - Burgos, 1999). Arte ederretako ikasketak egin zituen, Leonen, eta 1933an Florentzian ikasketak sakontzeko diru laguntza lortu zuen. Espainiako gerra zibila bukatu zenean Espainiatik alde egin eta ez zen 1962. urtea arte itzuli. Tarte horretan Latinoamerikako zenbait hiritan eta New Yorken bizi izan zen. 1949an Santo Domingoko Arte Ederretako Eskolako zuzendari izendatu zuten. 1950ean ONUko Arte Batzordeak bere Gizona bakearen alde borrokan horma irudi handia hautatu zuen Nazio Batuen Biltzar Nagusiko eraikuntzarako, New Yorken. 1957-1959 bitartean, Mexikon bizi zelarik, zenbait horma irudi egin zituen. Handik aurrera, eta Espainiara itzuli arte, Florentzian bizi izan zen eta zenbait erakusketa egin zituen Italian barrena. Bere beste horma irudietako bat, ONUkoarekin batera bere lan nagusitzat hartzen dena, Genevako Bureau International du Travail erakundean dagoena da, eta aipagarriak ditu, baita ere, Santo Domingoko Medikuntzaren historia izenekoa eta Cuernavacakoak, Mexikon. Aipagarria da, baita ere, liburu ilustrazio egile gisa egin duen lana: Gorrotatzen dut eta maitatzen (1954, Catulo), Mantxako On Kixote (1969, Cervantes), Arrosaren poemak (1975, Rainer Maria Rilke), etab. Sari asko irabazitakoa da Guggenheim Fundation saria (1949) eta Dominikar Errepublikaren Mendeurrenaren Urrezko Domina, beste askoren artean. 1984an San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademiako kide hautatu zuten aho batez, eta hurrengo urtean Burgosko Aldundiak "seme kutun" izendatu zuen.