Velásquez, Ramón
Venezuelar historialari, kazetari eta politikaria (Colon, Tatxira, 1918). Zientzia politikoetako ikasketak egin zituen, Venezuelako Unbertsitate Zentralean (1942). Aldi berean, historia ikerkuntzako lanak egin zituen eta kazetaritza landu zuen. El Mundo egunkariaren sortzaile eta zuzendari izan zen, El Nacional-eko zuzendari, eta 1961ean Mirafloresko Historia Artxiboko Aldizkari ospetsua sortu zuen. Politikaren alorrean egindako lanagatik kartzelan sartu zuten 1957an zenbait hilabetez. 1959an, baina, aske zelarik, Tatxira estatuko senatari izendatu zuten, eta berehala Venezuelako Lehendakaritzako Idazkari Nagusi (1959-1963). 1969-1971 bitartean Komunikazioetako ministro izan zen, eta handik urte askora, 1994an, politika alde batera utzia zuela zirudienean, Venezuelako behin-behineko lehendakaritza hartu zuen. Garai hartan bere historia lanik garrantzitsuena argitaratu zuen, hamabost liburukitan: XX. mendeko Venezuelako pentsamendu politikoa. Beste zenbait lan aipagarri: La caída del liberalismo amarillo (1972, Liberalismo horiaren gainbehera), Confidencias imaginarias de Juan Vicente Gómez (1979, Juan Vicente Gómezen alegiazko isilmandatuak), Los pasos de los héroes (1981, Heroien urratsak), Cipriano Castro en la caricatura mundial (1981, Cipriano Castro munduko karikaturan), El liberalismo amarillo en la caricatura mundial (1982, Liberalismo horia munduko karikaturan), Rómulo Betancourt en la historia de Venezuela del siglo XX (1989, Rómulo Betancourt XX. mendeko Venezuelako historian). Politikari gisa, baina, eskandalu handitan nahastu zen, eta lehendakari zela Larry Tovar Acuña droga trafikatzailea dekretuz aske utzi zuenean, bere izen ona galdu zuen.