Vedova, Emilio
Italiar pintorea (Venezia, 1919 - Venezia, 2006). Bere kasa ikasi zuen eta 1942an bat egin zuen Milango Corrente taldeko pintore antifaxistekin: Birolli, Vittorini, Guttuso eta Morlottirekin. Bigarren Mundu Gerra bitartean erresistentzian parte hartu zuen eta 1943an bere bakarkako erakusketa egin zuen, Milango La Spiga e Corrente galerian. 1946an, Morlottirekin batera, Beste Gernika bat manifestua idatzi zuen eta Italiako Arte Fronte Berria taldearen sortzaileetako bat izan zen. 1948an Italiako Arte Abstraktua erakusketan parte hartu zuen, Erroman, eta baita Veneziako Bi Urtekoan ere, Fronte Berria taldearekin. 1951n bere lehen bakarkako erakusketa egin zuen Estatu Batuetan, New Yorkeko Catherine galerian. Vedovaren margotzeko era estatubatuar espresionista absktraktuena gogorarazten du, Pollock eta batez ere Klinerena. 1954an bakarkako erakusketa egin zuen Rio de Janeiroko Arte Modernoko Museoan, eta hurrengo urtean Kasseleko lehen Documentan parte hartu zuen. 1957an Nazioarteko Guggenheim Sariketa irabazi zuen. 1965ean Chicagoko Gaur Egungo Arte Institutuak atzera begirakoa eskaini zion, eta handik gutxira Oskar Kokoshkaren lekua hartu zuen Salzburgoko Internationale Sommerakademie für bildende Kunst-en. Azkeneko urteetan Venezian irakasle aritu zen.