Varèse, Edgar
Estatu Batuetako musikagilea eta orkestra zuzendaria, jatorriz frantsesa (Paris, 1883 - New York, 1965). Turinen, Parisko Schola Cantorum-en (D’Indy eta Rousselekin) eta kontserbatorioan (Ch. Widor-ekin) egin zituen ikasketak. 1908-1915. urteetan Berlinen bizi izan zen eta zuzendari lanetan aritu zen. Gero New Yorkera emigratu zuen. 1921. urtean International Composers Guild elkartea sortu zuen, musika berriaren inguruan antolatu zen lehen elkartea, eta 1927. urtean, beste batzuekin batera, Pan-American Association of Composers sortu zuen. 1953. urtean saio asko egin zituen hots bitxiak eta musika tresnen konbinazioak erabiliz. Musika erromantikoa baztertu zuen, eta erritmoaren eta perkusioaren bidetik abiatuz, hots berriak aurkitzen saiatu zen. Lan nagusiak ditu: Amériques (1918-1922); Hyperprism (1923); Octandre (1923); Intégrales (1925), 9 haizezko musika tresnetarako eta perkusioko 17 tresnetarako; Ionisation (1931), 40 perkusikozko tresnetarako eta bi turutetarako; Déserts (1953-1954).