Vargas, Chavela
(Jaiotza izena, Isabel Vargas Lizano). Mexikar kantaria (Costa Rica, 1919). Haren jaiotza lekuaz ez dago datu zehatzik, eta Mexiko Hiria, Guerrero herria edo Costa Rica izan daiteke, iturrien arabera. Mito, esames eta erdi egia ugari esan da haren bizitza eta bizimoduaz. Agustin Lara, José Alfredo Jiménez edo Chucho Monje musikagileak ezagutu zituen, eta Diego Rivera eta Frida Kahlo pintoreak. 1952. urtean hasi zen haren musikari karrera, Kuban. Han idatzi zuen bere lehen abesti arrakastatsua: "La Macorina". 1961ean argitaratu zuen bere lehen diskoa, eta harrezkero Mexikar musikagile onenen abestiak kantatzen eman du bizitza osoa. Alkoholismoak jota, kantatzeari utzi behar izan zion, eta hala igaro zituen hamabost bat urte, harik eta 1990eko egun batez, edateari uztea erabaki zuen arte. 1990ean bere herrian kantatzen hasi zen berriro, eta Werner Herzog zuzendariaren Harrizko garrasia filmean parte hartu zuen, urtebete geroago. Espainiar zinema zuzendari Pedro Almodóvarrek ahanzturatik salbatu ondoren, laurogeita hamarreko hamarraldian berriro kantatu eta grabatu zituen Espainian, arrakasta handiz, bere kantu ezagunenak: "Volver, volver", "La llorona", "Macorina", "Somos". Bere ahots urratu berezia dela eta (alkoholak urratua batzuen ustez, etsipenak urratua beste batzuen ustez), boleroak eta rancherak kantatzen ez du berdinik.