Vargas, Getúlio Dornelles
Brasilgo estatugizona (São Borja, Rio Grande do Sul, 1883 - Rio de Janeiro, 1954). Zuzenbideko ikasketak amaitu ondoren politikaz arduratu zen. 1923. urtean legebiltzarkide hautatu zuten. 1926-1927. urteetan finantza ministro izan zen eta 1927-1930 bitartean Rio Grande do Sul estatuko gobernari. 1930. urtean lehendakaritzarako hauteskundeetara aurkeztu zen, Alianza Liberal alderdiaren aldetik, baina galtzaile atera zen, eta hauteskundeei jarraitu zitzaion iraultzak behin-behineko gobernuburu izendatu zuen. 1934an biltzar konstituziogileko lehendakari hautatu zuten. Hiru urte geroago, ordea, legebiltzarra bertan behera utzi eta Estado Novo deitu zen errejimen faxista ezarri zuen. Ordu arte lur jabe handien mendean egon zen administrazioa, hezkuntza, gizarte eta ekonomian erabateko berrikuntzak egiten ahalegindu zen Brasilgo langileen bizi baldintzak hobetzeko eta industria bultzatzeko. Brasilek Bigarren Mundu Gerran parte hartu izanak herritarren demokrazia nahia utzi zuen agerian; 1945. urtean estatu kolpe batek Vargas kargutik kendu zuen, senatuko kargua gorde zuen arren. 1950. urtean, Langileen Alderdiaren aldetik, Brasilgo lehendakari hautatu zuten berriro. Alderdi progresisten eta kontserbadoreen arteko oreka aurkitzen saiatu zen baina ez zuen arrakasta handirik izan. 1954. urtean Brasilgo gudarosteak dimisioa ematera behartu zuen eta, handik gutxira, bere buruaz beste egin zuen.
- varec
- Varela, Blanca
- Varèse, Edgar
- Vargas Llosa, Mario
- Vargas, Chavela
- Vargas, Getúlio Dornelles
- Varignon, Pierre
- Varna
- Varo, Publio Kintilio
- Varron, Marko Terentzio
- varsoviar