Van Loo
edo Vanloo. XVIII. mendeko pintore familia, jatorriz Holandakoa baina Frantzian bizi izan zena. Familiako kide aipagarrienak Charles-André edo Carle, Jean Baptiste eta Louis Michel dira. v Charles-André. Frantses pintorea, jatorriz Herbehereetakoa, Carle deitua (Niza, 1705 - Paris, 1765). Gai mitologikoak eta erretratuak pintatu zituen batez ere. 1727-1732. urteetan Erroman bizi izan zen eta garai hartakoa da San Isidororen zeruratzea, izen bereko elizakoa. Turinen Savoiatarrentzat hainbat lan egin ondoren 1734. urtean Parisen zen berriro ere eta erregearen pintore izendatu zuten. Aipagarria da Versaillesko Luis XV.aren erretratua. v Jean Baptiste. (Aix-en-Provence, 1684 - Aix-en-Provence, 1745). Aixen eta Tolonen egin zituen ikasketak. Monacon, Turinen eta Genevan lan egin ondoren Erromara joan zen. 1719an Parisa joan zen eta ospe handia lortu zuen erretratugile gisa (Luis XV.a zaldi gainean erretratuari esker, besteak beste); Fointainebleaun berrikuntza lanak egin zituen. 1731n Errege Akademian sartu zen eta 1735etik aurrera pintura irakasle izan zen. 1736-1742 bitartean Ingalaterran bizi izan zen eta han ere ospetsu izan zen. Erretratu dotoreak egin zituen eta erlijio eta mitologia gaiak ere landu zituen. v Louis Michel (Tolon, 1707 - Paris, 1771). Jean Baptisteren semea zen. Ikasketak aitarekin hasi eta Erroman egin zituen (1727-1732), osaba Charles-Andrérekin. 1733an Parisko Akademiako kide egin zuten. 1737an Espainiara joan zen; San Fernandoko Akademiako zuzendari izan zen eta gorteko pintore gisa jardun zuen hil arte. Bere garaiko aristokraten eta Filipe V.aren familiaren erretratuak egin zituen. Haren lanen ezaugarri nagusiak errealismoa, dotorezia eta fintasuna dira.