Van Gogh, Vincent Willem
Herbehereetako margolaria (Zundert, 1853 - Auvers-sur-Oise, Paris, 1890). Artzain kalbindar baten semea zen, eta Brabanteko herri txiki batean bizi izan zen haurtzaroan. Goupil arte galerian hasi zen lanean, Hagan (1869), Londresen (1873-74) eta Parisen (1874-75). Lan hartan zaletu zen margolaritzarekin, maisu holandar handiekin (Rembrandt, Hals), eta bere garaiko frantsesekin (Millet, Corot) bereziki. Salmenta lana ordea ez zuen gustuko, eta teologia ikasten hasi zen, apaizteko asmotan. Misio bat lortu zuen Belgikan, Borinageko meategietako haur pobreei laguntzeko, bera ere, ondasun guztiak batertuta, haiek bezalaxe biziz; elizak ordea handik egotzi zuen, kristau irakaspenen interpretazio estuegia egiten zuelakoan. Hura izan zen Van Goghen lehen krisi gogorra; nolanahi ere, artearen bidez lagunduko ziola gizadiari erabaki zuen, eta erabat murgildu zen margolaritzan. Hamar urte baino ez zituen eman lanean, 1880tik 1890era; lehen lau urteetan ikasten aritu zen: aurrena, marrazkia lantzera joan zen Bruselako Akademiara. Aitaren etxera joan zen gero, eta ikuspegiak margotzen hasi zen, kanpoan lan eginez. Gero Mauve margolariarengana joan zen lanera: marrazki eta akuarela asko egin zituen, eta oleoa lantzen hasi zen. Brabanteko herrixka batean, Nuenen-en, egon zen 1884-85. urteetan, familiarekin berriz ere, eta garai hartan hasi zen bere estiloa finkatzen. Hiru eratako gaiak erabili zituen: izadi hila, paisaia eta irudiak, denak ere nekazarien bizimodu gogorrarekin lotuak. Garai hartan irakurri zuen Zolaren Germinal eleberriak eragin handia izan zuen Van Goghengan, eta, hala, kritika soziala nabaria da bere margolanetako askotan (Ehuleak, Patata jaleak). Anberesen zegoela (1885-86), Rubens margolari handia topatu zuen, eta garai bertsuan ezagutu zituen japoniar margolariak ere, Van Goghen kolorearen ikusmoldean eragin handia izan zutenak. Parisen gero, Theo anaiarekin elkartu zen, eta han ezagutu zituen, besteak beste, Tolouse-Lautrec, Gauguin, eta, oro har, margolaritza inpresionista; inpresionismoaren eraginpean, kolore argiak eta pintzelkada hautsiak erabiltzen hasi zen. Garai hartako obretan antzematen da jadanik Van Goghen nortasun indartsua (Autorretratuak, Aita Tanguy). Arlesko hirira joan zen bizitzera (1888) eta lan handia egin zuen, paisaiak (Eguzkiloreen saila tartean), eta erretratuak (L’Arléssienne) batez ere. Ordu arteko pintatzeko erak alde batera utzita, formak soiltzen eta koloreen arteko kontrastea nabarmentzen hasi zen. Artisten etxe bat sortzeko asmoa hartu zuen. Gauguin joan zen harekin lan egitera, baina, eztabaida gogor baten ondoren, Gauguinek alde egin zuen, eta Van Goghek, erabat gaixoturik, belarri gingila moztu zuen. Krisi haren ondoren margotu zituen bere lan hoberenetako batzuk (Autoerretratua belarria moztuta eta piparekin, La Berceuse). Haluzinazioak zituela eta, erietxe batean sartu zuten; gero berak, beldur baitzen lanerako ahalmena galduko zuela, eroetxe batera eraman zezaten eskatu zuen, eta Proventzako Saint-Rémyko egoitza batean hamabi hilabete egin zituen. Han, aldizka gaixo egon bazen ere, lanean jarraitu zuen (Gau izartsua, Oliboen zelaiak). Pintura lasaiagoa egiten saiatu bazen ere, forma eta kolore are indartsuagoak erabili zituen lan horietan. Bakardadea ezin eramanik, anaiarengana itzuli zen Parisa, eta handik, sendagile adiskide batek zainduta, Auvers-sur-Oiseko herrixkara. Atseginez hasi zen lanean; aukeratu zituen gaiek, galsoroak, nekazarien etxeak, eliza, pintzelkada adierazkorrago eta estilo lirikoagoaz eginak, halako bakea ematen dute aditzera. Garai hori laburra izan zen ordea, eta azkenean, bakardadea gainditu ezinik eta sendatzeko itxaropenik gabe, bere burua hil zuen tiroz. v Batez ere bizitzako azken hiru urteetako obretan oinarri hartuta, holandar margolari handienetakotzat hartua da Van Gogh. Haren lanak oso eragin handia izan du margolaritza modernoan, bereziki fauvisten eta espresionisten lanetan. 700 oleo eta 800 marrazki baino gehiago egin bazituen ere, bakar bat baino ez zuen saldu. Izan ere, bizi zen artean ez zuen inolako osperik izan, eta bere lanean zuen fedeari eta Theo anaiaren laguntzari esker egin ahal izan zuen lana (bien arteko gutunak argitaratu dira: Theori gutunak). Van Goghen izena XX. mendearen hasieran hasi zen zabaltzen, beste margolarien bidez gehienbat, eta haren ospea etengabe handitu da harrezkero.