Van Eesteren, Cornelis
Holandar arkitektoa (Kinderdjik, 1897 - 1988). Rotterdameko Arte Ederretako Akademian egin zituen ikasketak (1917). 1919-1921 bitartean W. Verschoor arkitektoarentzat egin zuen lan, Hagan, eta G. J. Rutgers arkitektoarentzat, Amsterdamen. 1921ean, arte arkitekturako sari bat jaso ondoren, Alemanian eta eskandinaviar herrietan zehar ibili zen. Hurrengo urtean Van Doesburg ezagutu zuen, Weimarren, eta 1923an harekin etxeak eta tailerrak egiten hasi zen. 1924an etxe bateko planoak diseinatu zituen Hagako Zorggvliet Parken, eta beste bat eraiki zuen bere jaioterrian, Kinderdijken. Urte hartan bi lehiaketetan parte hartu zuen: Hagako saltoki bateko galeria, eta Rokin-eko berrikuntza, Amsterdamen. Urtebete geroago, 1925ean, Jan Wils birmoldatzeko lehiaketa irabazi zuen, eta handik aurrera Opbouw 2 taldeko kide izan zen. 1927tik 1930era hirigintza eskolak eman zituen Weimarko Arte Eskolan, eta zenbait aldizkarirentzat idatzi zuen. 1929-1959 bitarteko urteetan Amsterdameko hirigintza zuzendari izan zen, eta Th. K. van Lohuizenekin batera hirigintza eredu arrazionalista prestatu zuen. 1930etik 1947ra Arkitektura Modernoko Nazioarteko Biltzarreko kide izan zen, eta 1959tik 1964ra Negele eta Lelystad hiriak diseinatu zituen. 1947an Delfeko Politeknikoko katedradun izendatu zuten.