Van Dyk, Peter
Alemaniar dantzaria, koreografoa eta pedagogoa (Bremen, 1929 - Paris, 1997). Tatiana Gsovskiren ikasle izan zen eta hark ekialdeko Berlineko Staatsoper-ean hartu zuen 1946an. 1951-1952 bitartean Wiesbadeneko operako balleteko maisu kargua hartu zuen eta han zuzendu zituen lehenengo koreografiak: Arnold Schönbergen Peleas eta Melisande (1952) eta Hans Werner Henzeren hirugarren sinfonia (1952). 1953an, Parisen egin zuen debuta Champs-Élyséeseko antzokian Algak lana egieko. 1954an Serge Lifarrek Parisko operako dantzari izar gisa hartzea erabaki zuen. Lan klasiko nagusietan bere estilo arina erakutsi zuen. Hark Gau fantastikoak (1955) lanaren koreografia egiteko eskatu zion, Nina Vyroubovarekin batera eta baita Argi bidea (1957) lana ere. 1960an Vladimir Bourmeisterrek Beltxargen aintzira lanaren bertsio osoa antolatu zuen Parisko Operarako eta Van Dykek Siegfried printzearen papera dantzatu zuen. 1963an, Parisko operan, George Balanchineren Lau tenperamentuak lanean izugarrizko interpretazioa egin zuen. Koreografo gisa Van Dykek Opera Komikorako Franz Schuberten Sinfonia amaitugabea lanaren transposizio bisual hunkigarria antolatu zuen. Areto horretan bertan Balzac-en La Peau de chagrin (Nahigabetuaren larrua) lanaren egokitzapena egin zuen 1960an. Parisko Operako dantzari nagusia zela, 1961ean Hanburgoko operako dantza zuzendari izendatu zuten. Kargu horretan gelditu zen 1970. urtea arte. Bestalde, Turangalila (1960), Roméo et Juliette (1961), Cendrillon (1965), Abraxas (1965) lanak osatu zituen. 1975ean Rhineko operako balletaren buru izendatu zuten, eta 1978an aritu zen han. 1978-1980 bitartean Genevako Antzoki nagusiko balletaren ardura hartu zuen eta 1981-1988 bitartean, berriz, Bonneko balletaren ardura artistikoa hartu zuen. Van Dyk saiatu zen dantzari gazteei aukerak ematen. Azkeneko urteetan, irakaskuntzan aritu zen. 1992-1994 bitartean Parisko Kontserbatorio Nazionaleko irakasle izendatu zuten eta 1995ean Werther Ensemble dantzari gazteez osatutako taldea sortu zuen.