Van Dyck
edo Vandyke, Anthonie. Flandestar margolaria eta grabatzailea (Anberes, 1599 - Londres, 1641). Rubensen laguntzaile eta lankide izan zen. 1620. urtean Ingalaterrara joan zen, eta Italiara gero. Italian Genoako aitonen semeen erretratu sail bat egin zuen; aipatzekoa da horien artean Elena Grimaldi markesari egin ziona. Anberesa itzuli zenean erlijio gaiko lanak ere margotu zituen, eta Rubensen pareko ospea lortu zuen. Van Dyckek bere koadroetan pertsonaien dotorezia eta duintasuna, xehetasunen eta giroaren zehaztasuna nabarmentzen zituen, baina betiere pertsonaia bakoitzaren berezitasunak ondo azpimarratuz. Teknika Rubensenaren antzekoa bazuen ere, orekatuagoa zen, bai koloreetan, bai formetan. 1632. urtean Karlos I.a erregeak Ingalaterrara gonbidatu zuen; han gorteko margolari egin zuten, eta oso lan ugaria egin zuen. 1635ean, Anberesa itzulita, bere maisu lanetako bat ondu zuen, Deitorea. Gero, Ingalaterran jarraitu zuen lanean, erregearengandik gertu, eta haren eta aitonen semeen erretratu asko eginez. Han hil zen, 42 urterekin, oso obra zabala utzita: 500 erretratu baino gehiago, mitologia eta erlijio lanak, eta grabatu asko. v Van Dycken eragina handia eta iraunkorra izan zen: flandestar margolari gazteek gehiago zor diote berari Rubensi baino; Londresen ziharduten holandar eta alemaniar erretratugileek haren ereduari jarraitu zioten, eta baita ingelesek ere. XVIII. mendeko erretratuen tradizio ingeles handiak Van Dycken eragin sakona du, eta orobat espainiar margolariek; hauek sarritan kopiatzen omen zituzten haren erlijiozko lanak. Ospea, batez ere, azken garaiko erretratuek eman badiote ere, XX. mendeko adituek nahiago izan dituzte, beren freskotasuna dela eta, gaztaroko eta Genoako garaiko obrak.