Vallejo, César
Peruko poeta (Santiago de Chuco, 1892 - Paris, 1938). Hego Ameriketako literaturako poeta nagusietakoa. Mestizoa zen eta bere jatorri apalak eragin handia zuen bere bizitzan eta lanetan. Literatura eta zuzenbide ikasketak egin zituen. Lehen poema liburuan, Los Heraldos negros (1918, Mezulari beltzak), bere obraren gai nagusia izan zirenak agertu zituen: ama eta anaia hiltzeak sortu zion atsekabea eta segurtasun falta, bizitzaren mugak eta hustasuna, gizonaren ezintasuna gizarte zapalkuntza eta justizia eza gainditzeko. 1920an kartzelan sartu zuten hiru hilabatetez, indiarren aldeko jarduera politikoa zela eta. Espetxean zela hasi zen Trilce poema bilduma, bere lan nagusietakoa izan zena, idazten; obra horretan alde batera utzi zuen ohiko erretorika literarioa eta neologismo, lagunarteko esapide, berrikuntza tipografiko eta irudi erretoriko harrigarriak erabili zituen, gizonaren mugak eta ezintasunak adierazteko baliabide gisa, betiere. 1923an Fábula salvaje (Istorio basatia) eleberri psikologiko laburra argitaratu ondoren Parisa jo zuen, eta ez zen inoiz sorterrira itzuli, bere herriarekiko lotura inoiz hautsi ez bazuen ere. Parisen garai hartako intelektual nagusiekin harremanak izan zituen baina politika arazoak zirela eta Madrila erbesteratu zen 1930ean. 1931n gizartea hobetzeko bide marxismoa zelakoan Alderdi Komunistan sartu zen. 1932an Parisa itzuli zen eta ezkutuan bizi izan zen harik eta 1936an berriro Espainiara joan zen; Espainiako Gerra Zibileko bizikizunetan oinarrituak izan ziren Poemas Humanos (1939, Giza poemak) Vallejoren azken poesia bilduma osatu zuten olerkiak. Vallejoren beste zenbait lan aipagarri: Escalas melografiadas (1923),El tungsteno (1931, Tungstenoa), Paco Yunque (1931), Contra el secreto profesional eta El arte y la revolución (1930-1932 bitartean idatziak, hil ondoren argitaratuak).