Valle-Inclán, Ramón María del
Galiziar eleberrigilea, dramagilea eta poeta (Vilanova de Arousa, Pontevedra, 1866 - Santiago Konpostelakoa, 1936). Galizian, mendialdean, hezi zen, eta, Mexikon izan ondoren, Madrila joan zen bizitzera. Madrilen, haren nortasun bitxia zela eta, oso ezagun egin zen. Frantses sinbolisten eraginpean idatzi zituen lehen obrak, lau kontakizun, prosa ederrekoak eta dotorezia dekadentekoak: Sonatas (1902-1905). Valle-Inclánen geroagoko drama eta eleberri batzuek, berak «esperpento» deitu zituenak (hots, “zatarra, barregarria, xanfarina”), absurduaren bidetik eta satira gogorrak eginez, Espainiako bizimodu tragikoa, berak europar zibilizazioaren deformazio zakar gisa ikusten zuena, azaldu nahi izan zuten, heroi klasikoak sistematikoki desitxuratuz. Genero horretako antzerkien artean aipagarriak dira Luces de Bohemia (1920, Bohemiako argiak) eta Los cuernos de Don Friolera (1921, Don Frioleraren adarrak). Ondoren, bederatzi eleberritako bilduma idazten hasi zen, El ruedo Ibérico izenburupean (1927-1928), Espainiako XIX. mendeko politika eta gizarte ustelkeriari buruzkoa; nolanahi ere, hiru baino ez zituen argitaratu, La corte de los milagros (Mirarien gortea), Viva mi dueño (Gora nire nagusia) eta Baza de espadas (Ezpata jokaldia), bukatugabe azkena. Aipagarria da Tirano Banderas eleberria (1926), Mexikoko diktadore baten erretratu bizi-bizia. Satira agertzeko erabili zuen hizkeraren sentsualitateagatik Espainiako idazle modernista nagusietako bat da Valle-Inclán.