Vallejo Arbeláez, Joaquín
Kolonbiar ingeniari, ekonomista eta idazlea (Reionegro, Antiokia, 1912 - Medellin, 2005). Medellingo Meategi Eskola Nazionalean egin zituen ingeniaritza ikasketak. Bere garaiko beste ingeniari askok bezala, enpresa zuzendaritzara bideratu zuen bere karrera, baina irakaskuntza eta zientziaren filosofia ikasketak erabat baztertu gabe. Cementos del Valle (1939) enpresako superintendente gisa hasi zen lanean, eta Droguerías Aliadas enpresako kudeatzaile eta enpresaburua izatera iritsi zen. Bere garaiko enpresa handienetako bat zen hura. Bere zuzendaritzapean enpresa beste alor batzuetara zabalduz joan zen, eta esportazio eta urbanizazio alorretan ere aritu zen. Vallejok arrakasta handia izan zuen, baita ere, bere negozio partikularretan: La Quinta paper fabrika sortu zuen, Candelarian (Cauca), eta bere herrialdeko txerri haztegi modernoena eraiki zuen. Denboraldi batez politikan ere aritu zen, Medellingo zinegotzi gisa, eta Antiokiako Biltzarreko diputatu. Fronte Nazionalaren garaian, Garapen, Finantza eta Gobernu ministerioen ardura izan zuen zenbaitetan. Ekonomiaren alorrean, bere izenaz ezagutzen den plangintza ospetsu bat prestatu zuen, Vallejo plangintza, Kolonbiako esportazioak bultzatzeko. Pentsalari eta idazle gisa, zenbait obra idatzi ditu: ABC de la integración latinoamericana (1960, Latinoamerikar integrazioaren hastapenak); Modelos económicos de desarrollo (1985, Garapenerako ekonomia ereduak); El misterio del tiempo (1976, Denboraren misterioa); Las fronteras de las libertades (1980, Askatasunen mugak). Azkeneko urteetan teologia eta mistika gogoetaren alorretan barneratu zen, askatasuna, lege naturalen determinismoa eta jakintzaren erlatibitateak erakarrita.