Val-d’Oise
Frantziako ipar-erdialdeko departamendua [95], Ile-de-Franceko lurraldean, Parisko hiriaren iparraldean. 1.248 km2 ditu eta 920.598 biztanle. Prefetura hiria, Pontoise. Suprefetura hiriak: Argenteuil eta Montmorency. Oise ibaia igarotzen da ipar-ekialdetik hego-mendebalera eta Sena ibaiak departamenduaren hegoaldeko muga eratzen du kilometro batzuetan. Paris eta Normandia arteko lurraldea hartzen du. Vexin Français ordokiak ipar-mendebala hartzen du, Pays de France-ko ordokiak ekialdea, eta Parisko aldiriek hegoaldea. Nekazaritza (garia, garagarra, erremolatxa, fruitu arbolak, bazkarako landareak), industria eta zerbitzuak (Le Bourget aireportua) dira ekonomia jarduera nagusiak.