Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Unión General de Trabajadores (UGT)

Espainiako sindikatua, historikoki PSOEri lotua, Hego Euskal Herrian bi lurralde konfederaziotan banatuta diharduena: Nafarroakoa eta Euskal Autonomia Erkidegokoa. 1888ko abuztuan sortu zen Bartzelonan, Madrilgo talde sozialistak eta Kataluniako zenbait langile elkartek egindako batzarrean. Parte hartzaileek, PSOE alderdiari zuzenean loturik gehienak, marxismoaren eragin ideologikoa onartzeaz batera, langileen alderdia eta erakunde sindikala bereizteko premia nabarmendu zuten. 1888 urtearen amaieran 27 elkarte eta 3.355 bazkide biltzen zituen. 1899an, Bartzelonako langile gehienak anarkistak izanik, sindikatuaren batzorde nazionala Madrila aldatu zuten, Pablo Iglesias lehendakari eta García Quejido idazkari zirela. Lehen garai haietan, batez ere Madrilen, Bizkaian, Asturiasen eta Andaluzian errotu zen UGT. XX. mendearen hasierako langile higikunde han   dietan parte hartu zuen, anarkistekin eta CNT haien sindikatuarekin elkar aditurik gehienetan: 1909ko Bartzelonako Aste Tragikoa, 1910eko eta 1911ko greba orokorrak, 1916-1917ko greba orokor iraultzailea. Urte horietan hazkunde nabarmena izan zuen, 1922an 208.000 bazkide zituelarik. III. Internazionalaren sorreraren eta komunisten zatiketaren (1921) aurrean, Besteiro eta Saborit buruzagiek erreformismoaren bidetik eraman zuten sindikatua. Hala, aurreko urteetako CNTarekiko ekintza batasuna hautsi zen; 1923ko estatu kolpea ez zuten erabat gaitzetsi –PSOEk bezala–, eta 1924an UGTko buruzagia zen F. Largo Caballero Estatuko Kontseiluko kide izan zen. 1931n, 300.000 bazkide zituela, monarkia eraisteko higikundean parte hartu zuen. Errepublika aldarrikaturik, ikusgarriro hazi zen –1932an milioi bat bazkide–. 1933ko hauteskundeetan ezkerra galtzaile irtenik, UGTren jarrera erradikalizatuz joan zen. 1934an Largo Caballero idazkari nagusi hautatu zuten; honek CEDAk (Confederación Española de Derechas Autónomas) zuzenduriko gobernuaren aurkako jarrera erabakia hartu zuen. UGTk 1934ko nekazarien greba eta Asturiasko higikunde iraultzailea bultzatu zituen. 1936ko hauteskundeetan UGT Herri Frontearen alde azaldu zen. 1936ko uztailaren 18an, UGTko eta CNTko miliziek aurre egin zieten matxinaturiko militarrei eta haien ekintzak errepublikarren garaipena ekarri zuen Espainiako hiri garrantzitsuenetan. Largo Caballero gobernu buru zela, UGTk miliziak gudarostean sartzea onartu zen; bestalde, produkzioaren kontrola sindikatuek beren gain hartzea aldarrikatzen zuten anarkisten aurrean, estatuaren kontrola defendatu zuen UGTk. Gerra ondoren legez kanpo ezarri zuten (1939-1977). Erbestean Alianza Sindical osatu zuen CNTrekin eta ELArekin (1954-1963). Franco hil ondoren UGTk bere XXX. batzarra egin zuen (1976) eta bertan Nicolás Redondo bizkaitarra idazkari nagusi hautatu zuten. Denbora laburrean Espainiako bigarren erakunde sindikala bihurtu zen CCOOren ondoren eta 1983ko hauteskunde sindikaletan lehen postua lortu zuen. PSOErekiko harremanak eta Europako sindikatuen laguntza zirela eta, lehentasun hori bermatu zen 1984-1986 aldian, azken urte horretan ordezkari sindikalen % 40,2 lortu zuelarik. 1987az gero, alabaina, Espainiako gobernuaren (PSOE) eta sindikatuaren harremanek okerrera egin zuten, sindikatuak gobernuaren politika ekonomikoa kritikatzen baitzuen eta PSOEri botoa ez ematea eskatu zuen. 1988ko abenduaren 14an CCOOekin batera greba orokorrera deitu zuen; geroztik, bi sindikatu nagusien arteko lankidetza areagotu zen estatuko politika ekonomiko liberalari eta langabezia gero eta handiagoari aurka egitearren. 1992ko maiatzaren 27an beste greba orokorrera deitu zuten. 1994an behin eta berriro idazkari hautatua izana zen N. Redondok kargua utzi zuen. Euskal Herriko lau sindikatu nagusietako bat zen UGT 1990 urteetan, ELA, LAB eta CCOO sindikatuekin batera. Azken urteotan euskal mapa sindikalean nabarmena den etendura giroan, CCOOrekin aritu da elkarlanean gehienbat, ELA eta LAB sindikatu abertzaleekin harreman handiegirik izan gabe. 1990tik 2000. urte bitartean egin diren hauteskunde sindikaletan oro har, sindikatu ez abertzaleek ordezkariak galdu badituzte ere –lau puntu galdu dituzte hamarkadaren buruan–, UGTk CCOOk baino gehiago igarri du beherakada hori eta 1999an utzi zion lehen aldiz, LABen mesedetan, Euskal Autonomia Erkidegoko hirugarren sindikatu izateari, laugarren postura jaitsita. 2000. urtearen amaieran hauteskunde sindikalak egiteko eskubidea zuten enpresetako 17.500 delegatuetatik, 2.645 zituen UGTk, eta horrek ordezkaritzaren % 15,17 ematen zion, LABengandik oso hurbil baina sindikatu abertzalearen azpitik, edonola ere. Aurreko urteetako ordezkaritza mailarekin alderatuz gero, % 0,39 egin zuen behera UGTk. Euskal Autonomia Erkidegoko Batzorde Eragileko Idazkari Nagusia Carlos Trevilla da 1998az geroztik, Josu Frade ordezkatu ondoren, eta Nafarroakoa, berriz, Melchor Calleja.