Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Unión del Pueblo Navarro (UPN)

Nafarroako Foru Erkidegoan diharduen alderdi politikoa. Jesús Aizpun buru zutela, 1979an UCDtik alde egindako militanteek sortu zuten, eta 1991n PPrekin bat egin zuen Nafarroan. Urte hartan egin ziren Foru Parlamenturako hauteskundeetan lortu zuen lehen aldiz Nafarroako Alderdi Sozialistari irabaztea, eserleku bakar baten aldeaz izan bazen ere: 20 eserleku lortu zituen UPN-k eta 19 PSN-ek, eta Juan Cruz Alli bilakatu zen Nafarroako presidente. 1995ean Juan Cruz Allik CDN alderdia sortu zuen, eta zatitze horrek kalte egin zion UPNri urte hartako parlamenturako hauteskundeetan, 20 eserlekutatik 17tara jaitsi baitzen, CDNk 10 lortu zituela. Legegintzaldi hartan CDN eta PSNrekin batera osatu zuen gobernua, Miguel Sanz presidente hautatuz, eta orduz geroztik etengabe hobetu ditu bere emaitzak UPNk hauteskunde guztietan. 1999ko parlamenturako hauteskundeetan botoen % 42 eta 22 eserleku eskuratu zituen, eta Miguel Sanz UPNren hautagaia izendatu zuten berriz ere Nafarroako Foru Erkidegoko presidente, bere alderdiaren botoekin soilik, nahiz eta PSNrekin akordioa egin gobernagarritasuna bermatzeko. Urte bereko udal hauteskundeetan ere gora egin zuen UPNk bototan eta zinegotzitan, eta 2000. urteko hauteskunde orokorretan inoiz lortutako emaitzarik onenak izan zituen, Nafarroan emandako botoen ia erdia bereganatuz, aurreko hauteskunde orokorretan baino % 13 gehiago. 1997az geroztik, Miguel Sanz bera da UPNko presidente, eta 2001. urteko otsailean alderdiak egin zuen Biltzarrean berretsi egin zuten kargu horretarako. Miguel Sanzen gidaritzapean, UPNk areagotu egin du EAEtik bereizitako nafar nortasunaren defentsa, eta oposizioak euskararen eta euskal kutsuko jardueren aurka aritzea leporatu izan dio maiz. Nafarroako Foru Erkidegoak Euskal Autonomia Erkidegoarekin dituen harreman instituzionalak ere kinka larrian egon dira behin baino gehiagotan azken urteotan.