Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Unión de Centro Democrático

(UCD; Eusk. “Zentru Demokratikoko Batasuna”). Espainiako alderdi politikoa, 1977an kontserbadoreek, demokristauek, liberalek eta sozialdemokratek sortu zuten Centro Democrático koalizioan oinarri hartuta ezkerraren eta erreformismo frankistaren alternatiba gisa eratu zena. 1976az gero Espainiako gobernuko lehendakari zen Adolfo Suárez-en zuzendaritzapean 1977ko eta 1979ko hauteskundeak irabazi zituen. Garaile atera bazen ere, alderdi barneko tirabirek eta, besteak beste, 1980ean Euskal Herriko eta Kataluniako Legebiltzarretarako hauteskundeetan izan zituen emaitza kaskarrek alderdia zatitu zuten. 1981ean Suárez-ek gobernuko eta alderdiko lehendakaritzak utzi zituen eta, otsaileko estatu kolpe saioaren ondoren, Calvo Sotelok hartu zuen gobernukoa. UCD-ko barneko zatiketa alderdi berriak sortzean gauzatu zen (Suárez-ek Centro Semocrático y Social sortu zuen 1982an). Horrenbestez, 1982ko hauteskundeetan botoen % 7,14 baino ez zuen irabazi, eta 1983an desegin zen.