Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Unidad Alavesa (UA)

Arabako alderdi politiko eskuindarra, 1990. urtean sortua. Euskararen eta euskal kutsua den ororen eta abertzaletasunaren aurkakoa da, eta Arabaren espainiar izatea aldarrikatzen du, Arabari egokitutako foralismoa proposatuz eta Arabak Nafarroak duen izaera bera beharko lukeela defendituz. Azken urteetan gero eta gehiago hurbildu zaio PP-ri, eta bakarka lortu dituen emaitzak nabarmen egin dute behera. 1990ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 3 legebiltzarkide lortu ondoren, 1994koetan jo zuen gaina 5 biltzarkiderekin, baina 1998ko hauteskundeetan UAren ordezkaritza 2 kidetan gelditu zen. Araba mailako hauteskundeetan ere bilakaera bertsua izan du. 1999. urtean egindako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, esaterako, 1995ean lortutako 9 batzarkideak 3ra jaitsi ziren, eta aldi berean egindako udal hauteskundeetan ere beherakada nabarmena izan zuen. Gasteizen, esaterako, 2 zinegotzi lortu zituen, 1995ean baino 3 gutxiago. 2000. urteko hauteskunde nagusietan ez parte hartzea erabaki ondoren, 2001. urteko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere ez zuen zerrenda propiorik aurkeztu, PPren zerrendetara bildu baitziren UAren hautagaiak. 2005ean desagertu zen.